Hiru eguneko egitarau zabala Altamira auzoko festetarako, bihartik igandera
Txupinazoarekin hasi eta Sardinaren hiletarekin bukatuko dira.

Otegienea-Majori-Kaldereria auzoko San Joan jaien ondoren eta Santa Ana jaien atarian, Altamira auzoko jaiak dira asteburuan. Jaien batzordeak prest dauka egitaraua, hiru egunez luzatuko dena eta ekitaldiz betea izango dena. Bihar hasiko dira, eta igandean amaitu.
Bihar, txupinazoarekin ekingo diote egitarauari, 17:00etan. Apar festa eta Holly Partya izango da jarraian. 18:00etan futbolin txapelketa egingo dute, eta 20:00etan buruhandiak eta erraldoiak izango dira, trikitilariek giroa alaitzen duten bitartean. Jubilatuek luntxa egingo dute 20:30ean, eta gauean musika izango da protagonista: 22:30ean Rosie Ruiz taldearen kontzertua, eta gauerdian Chico Joven eta DJ Set Egurra.
Larunbatean ere ez dute aspertzeko tarterik izango auzotarrek. 10:00etan krosarekin hasiko dute eguna. 11:00etan marrazketa txokoa, 12:30ean Dance Flow erakustaldia, 16:30ean mus txapelketa, eta 18:00etan boxeo erakustaldia izango dituzte. 20:00etan buruhandiak eta erraldoiak irtengo dira kalera. Gauean, 22:30ean Xaibor eta mozorro lehiaketarekin eta 03:30ean kulero eta kantzontzilo lasterketarekin amaituko dute eguna.
Igandean, jaiei amaiera emateko, auzo elkarteak pintxoak banatuko ditu eguerdian, eta toka herrikoia, arte tailerra eta Dj Necora, Alex Rabanalen bakarrizketa eta Sardinaren hileta izango dituzte arratsaldean.