Fermin Arreseri aitortza egin diote Goierriko EAJren egunean, Ataunen
Herriaren, euskararen, alderdiaren eta CAF enpresaren alde egindako lana goretsi diote Ataungo Uri batzarrak prestatu duen bideo-omenaldian. Jon Olanok eta Maria Eugenia Arrizabalagak hartu dute hitza San Martingo plazan egindako ekitaldi politikoan.

Fermin Arrese Arratibeli aitortza egin diote gaur eguerdian Ataungo Herri Antzokian. Ataungo Uri batzarrak antolatuta ekitaldia izan da, eta haren bizitza ibilbidea laburbiltzen duen bideo bat proiektatu ondoren, Arrese bera igo da oholtzara. Hunkituta, esker hitzak izan ditu antzokira bildu diren alderdikide guztientzat. Ioritz Imaz Idiazabalgo alkate ohiak bertso bat kantatu dio, Amets Arrospidek agurra dantzatu, eta oroigarri bat eta lore sorta bat oparituz amaitu dute aitortza ekitaldia.
Ataunen ospatuko duten Goierriko EAJren eguna barruan omendu dute Arrese. San Martingo plazan elkartu dira segidan, eta han, Jon Olano Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) kide beasaindarrak Goierri berria. Goierri bizia egitasmoa aurkeztu du, eta ondoren Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidenteak hartu dute hitza. Kalostran egin dute bazkaria 70 lagun inguruk.
Haren gertukoen ahotik
Ataungo Uri batzarreko presidente Bittor Oroz bideoaren elkarrizketatzaile zela, Fermin Arreseren gertuko hainbat pertsonaren lekukotzak bildu dituzte haren bizitzari errepaso egiteko.
Amaia Arrese alaba izan da ikus-entzunezkoan lehen eta azken hitzak egin dituena. Lau urtera arte bizi izan ziren amaren aldeko Ergoienako baserriaren atarian hitz egin du, eta aitaren zaletasunei egin die aipamena: Ehiza, arrantza, perretxikoak, mendia… Gero San Gregorioko etxe berrietara bizitzera nola joan ziren oroitu du. Aitak Ataungo ikastola sortzeko egindako lanaz aritu da, eta nola bera han hasi zen gerora Beasaingo Lizeora joan arte.
Ferminen EAJren alde egindako lana ere gogoan izan du Amaia alabak. “Herri lana, ikastola, asko inplikatu da beti, udaletxean, kanpainetan…”. Eta Enkarni amari ere aipamena egin dio. Hauexek haren azken hitzak: “Ergoenen gaude, gure eredu izan zarete, ama ere bai, gauzarik handiena izan zarete guretzako. Zuetaz oso harro gaude”.
Tartean beste hainbat aritu dira hizlari ikus-entzunezkoan. Jose Maria Usarraga Gipuzkoako Ehiza federazioko presidente izanak esaterako, Fermin Arreseren balioak goraipatu ditu, eta gogoratu du federazioaren urrezko intsignia duen bost kideetako bat dela Arrese.
CAF enpresako ibilbidea
Goio Rokandiok adierazi du “lagun handiak” direla, eta 50 urtez aritu zirela lanean elkarrekin CAFen. “Eredugarria izan zen, gizon oso leiala”.
Andres Arizkorretak, berriz, 1982ko krisia ekarri du gogora. “Urte hartan arazoak etorri ziren, Espainiara bakarrik saltzen genuen, eta Renfe erori zenez, prozesu oso gogorra bizi izan genuen. 5 urte egin genituen EREn, ia desagertzear”. Aipatu du Ataungo Bittor jatetxean egin zuten bilera bat, nola Arrese hasi zen erakundeekin hitz egiten, eta kartera sozialaren sorreraz. “Ferminen bilakaera hor dago. Bi pertsona oso ezberdin gara, baina osagarriak. Orduan Espainian bakarrik saltzen genuen, orain ia mundu guztian”.
GBBko presidente ohi Joseba Egibarrek ere Fermin Arreseren balioak goraipatu ditu. “Euskaltzalea, abertzalea, enpresa mundua ezagutzen zuena, bailararen etorkizunaz kezkatua. Gaur egun indarkeriarik ez dago, baina zerga iraultzaileak Goierrin jo zuen, eta hor erreakzionatzen jakin behar zen, eta Fermin izan zen horietako bat”.
Beste dozenaka lagun eta alderdikidek eskerrak emanez bukatu da Fermin Arreseri aitortza egiteko bideoa.
Bertsoa, agurra eta lore sorta
Jon Aizpurua ataundar kazetariak gidatu du ekitaldia, eta Ioritz Imaz Idiazabalgo alkate ohiari eman dio tartea segidan. Hark hona bertsoa bota dio:
Eskerrak Fermin
Sutegin jaio, Ergonen segi
ta Beasaindartu berdin
hiru alabaz familia bat
Enkarni maitearekin.
Arrasto batzuk utzi dituzu
Ataunen eta Goierrin:
Ikastoletan, ehiza munduan
ta nola ez fabrikahaundin
Alderdiari eutsi zenion
garai aldrebesetan fin!
Bene-benetako pentsatzen dugu
zorretan gaude zurekin:
Alderdikide guztion partez
Bihotzez eskerrak Fermin
Ordurako oholtzara igoa zen ordurako Fermin Arrese. Segidan Amets Arrospidek agurra dantzatu dio, eta hari oroigarri bat eta lore sorta bat oparituz amaitu da areto barruko ekitaldia.

















Ekitaldi politikoa San Martingo plazan
Goierriko EAJk ohar bidez aurreratu zuen “mugarri politiko” bat markatu zuela bailararako gaurko ekitaldiak, “Goierrin parte-hartzean, elkarlanean eta konpromisoan oinarritutako komunitate politiko sendo bat eraikitzeko norabidean”.
Jon Olano GBBko kide beasaindarrak aurkeztu ditu labur eta zehatz Goierri berria. Goierri bizia bi urteko egitasmoaren lau ildo nagusiak: Lehena, Goierri lankidetza eremu berri batera eramatea; bigarrena, belaunaldi berriak alderdira erakartzea; hirugarrena, gizarte eragileekin harreman zuzena izatea; eta laugarrena, Goierrirako diskurtso partekatu bat sortzea.
Ekitaldian Goierriko herri gehienetako eta Gipuzkoako EAJren ordezkari ugarik hartu dute parte. Maria Eugenia Arrizabalagaren GBBko lehendakariaren diskurtso politikoarekin bukatu dute ekitaldi politikoa. Bideoan duzue ikusgai.