Nahigabeko bakardadea arintzeko lehen etxebizitza prototipoa egin dute Beasainen
EHUko Arkitektura Goi Eskola, Psikologia Eskola, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Beasaingo Udaleko Gizarte Ongizateko teknikariak eta Asmubeko ordezkariak eta teknologia berriko hainbat enpresak parte hartu dute lanketan.
Eragile desberdinak etxebizitza lagunkoi prototipoa sortzen.Beasaingo Udala Beasain Etxelagun proiektuaren hurrengo urratsaren eszenatoki izan da berriki, eta ekimenaren garapenean parte aktiboa izaten ari da hasieratik. Etxelagun, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimen esperimentala da, Adinberri estrategiaren barruan kokatzen dena, eta helburu nagusitzat du adinekoen bakardadea arintzea eta autonomia sustatzeko etxebizitzen eraldaketa bilatzea.
Ekainaren 17an Beasainen burututako tailer parte-hartzailean tokiko ordezkari politiko eta teknikoek, osasun eta gizarte zerbitzuetako profesionalek, eta herriko eragile sozialek hartu zuten parte. Zaintza komunitarioaren inguruko hausnarketa partekatua egin zen, eta Etxelagun ekimenaren barruan sortuko den lehen etxebizitza prototipoa definitzeko lehen proposamenak egin ziren.
Diseinu gida
Proiektuaren lehen fasean, Etxelagun diseinu-gida bat garatu zen. Gida horrek, Gipuzkoako lurralde historikoko etxebizitzen diseinurako jarraibide berritzaileak proposatzen ditu, adinekoen bakardadearen pertzepzioa murrizteko eta haien bizi-kalitatea eta autonomia indartzeko asmoz. Proposamenak ikuspegi multidisziplinarra du: hirigintza, osasun publikoa, gizarte esku-hartzea eta herritarren parte hartzea uztartzen ditu. Helburua ez da bakarrik arkitektura aldatzea, baizik eta komunitatean oinarritutako zaintza ereduen sorrera ere bultzatzea.
Diseinu-gida hau osatzeko lanean Beasaingo Udalak parte hartu zuen aktiboki, udalerriaren errealitatetik abiatuta etxebizitzak egokitzeko metodologia bat zehaztuz. Bereziki, nahi ez den bakardadea arintzeko eta adinekoen zahartze prozesua ingurune inklusibo eta lagunkoietan garatzeko oinarriak ezarri ziren.
Etxebizitza prototipoa
Proiektuaren bigarren fase honetan, gida praktikara eramateko unea iritsi da. Horretarako, Beasaingo Udalak etxebizitza tutelatuetako bat jarri du eskuragarri proiektuaren prototipo modura. Etxebizitza horretan oinarrituta, kosorkuntza tailer bat antolatu zen ekainaren 17ko jardunaldian. Bertan parte hartu zuten udal teknikariek, gizarte-zerbitzuetako langileek, Osakidetzako osasun arloko ordezkariek, Asmube emakume elkarteko kideek eta Etxelagun proiektuan parte hartzen duten gainerako erakundeetako ordezkariek.
Tailerraren helburua izan zen etxebizitza horretan egin daitezkeen esku-hartze arkitektonikoak identifikatzea eta proposatzea. Aldaketa horien bidez, bertan bizi diren pertsonek dituzten elkarbizitza beharrak ase nahi dira, baita espazioaren erabilera kolektiboa, autonomia eta harreman sozialak sustatu ere.
Prototipo honek eredu izateko potentziala du: Beasaingo esperientzian oinarrituta, beste udalerrietan ere antzeko esku-hartzeak garatu ahal izango dira, betiere tokian tokiko beharrak kontuan hartuz.
Udalaren konpromisoa
Beasaingo Udalak oso positiboki baloratu du ekimena, eta etorkizunean esku-hartzeak gauzatzeko asmoa erakutsi du. Horrela, “udalerri lagunkoiago, konektatuago eta enpatikoago baten aldeko apustua” berresten du.














