Uztailaren 21ean jarriko dituzte salgai herri afarirako txartelak
Abuztuaren 23an izango da aurten San Bartolome jaietako herri afaria.
Eskolako patioa beteta iaz, San Bartolome jaietako herri afarian. Zegamako Udala San Bartolome jaien barruan, ohiko herri afaria egingo dute abuztuaren 23an, eskolako patioan. Afarirako txartelak uztailaren 21etik abuztuaren 17ra jarriko dituzte salgai Ostatun. 900 txartel izango dira guztira eta aurten, eskolako patioko goiko edo beheko aldean afaldu nahi den aukeratu ahal izango da. 12 urtetik beherakoentzat, 12 eurotan salduko dira txartelak (goian eta behean) eta helduentzat 23 eurotan (behean) eta 20 eurotan (goian).
Lumagorri oilaskoa eta Sant Sadurni d´Anoyako (Herrialde Katalanak) cavak osatuko dute afariko menua. Gainera haurrentzako eta beganoentzako menuak ere izango dira aukeran. Afalostean, dantzaldia izango da plazan. Uztailean eta abuztuan udaletxea 9:00etatik 15:00etara egongo dela irekita gogorarazi dute.












