ZZ Rock jaialdiaren agurra izango da urrian
Jaialdiaren bederatzigarren edizioa eta azkena izango denak Bobbi Relac, Sugramas, Malatestta eta John Dealer & The Coconuts taldeen kontzertuak ekarriko ditu. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
John Dealer&The Coconuts talde legazpiarra. Hitza Urriaren 4an ospatuko da Zumarragan IX. ZZ Rock 2025 jaialdia, eta antolatzaileek iragarri dute azken edizioa izango dela. Zarraparra Kolektiboak eta Motz Tabernak prestatutako hitzorduak Katapulta Tour Gipuzkoa, Zumarragako Udala eta Urretxuko Udalaren babesa du.
Jaialdia Zelai-Arizti parkean jarriko den karpan egingo da, eta arratsaldeko 18:30ean hasiko da. Oholtza gainean honako lau talde hauek arituko dira: Bobbi Relac, Sugramas, Malatestta eta John Dealer & The Coconuts.
Sarrerak 20 euroan salgai daude Urretxuko Motz Tabernan eta internet bidez Entradium plataforman. Zarraparra Kolektiboko bazkideek 15 euroan erosi ahal izango dute sarrera bana Motz tabernan.
Azken aukera izango da jaialdi honen giroa eta musikaz gozatzeko. Antolatzaileek herritarrak eta zaleak animatu dituzte parte hartzera: “Ez galdu IX. ZZ Rock-en azkena!”














