Etzi abiatuko da Lazkaoko garagardo festa, igandera arte
Iraila beteko dute San Migel ingurua berotzeko lazkaotarrek antolatzen dituzten ekintzek. Aurreneko jarduera potoloa izango da garagardo festa. Etzi hasi eta igandera arte luzatuko da.
Lazkaoko garagardo festako irudia, artxibokoa.Mikel Albisu Iraileko ekitaldi-agenda bete-betea izango dute lazkaotarrek; usadio bihurtu da San Migel ingurua berotzeko ekitaldi eta jardueraz beteriko hilabetea antolatzea. Ohiko osagaiekin bueltan, aurtengoan ere Gerriko kultur elkarteak antolatutako garagardo azoka izango da aurreneko ekitaldi potoloa, ostegunetik igandera arte luzatuko dena. Plazako frontoia topaleku bihurtuta, artisau garagardo eta bestelako eskaintza zabala ipiniko dute, hiru iluntze-gautan dastatzeko. Jatekoa ere emango dute.
Ostegunean, irailak 11, zabalduko dute feria, eta hiru egunetan dastatu ahalko dira garagardoak eta jakiak. 18:00etan irekiko dira ateak ostegunean, ostiralean eta larunbatean, eta 12:00etan, berriz, igandean. Edari eta ano bereziak zerbitzatuko dira igandeko poteorako bakarrik.
Gainontzekoan, kultur eskaintza ere izango da eskuragai hiru egunetan zehar: ostegunean, kantu afaria izango da Maizpideko lagunen parte hartzearekin; ostiralean The Soulanders lazkaotar taldea izango da arratsaldea girotzen; larunbatean, berriz, Lazkao Txiki musika eskolako bi taldek emanaldia eskainiko dute eta kontzertu sorpresa bat izango da gauaren amaieran. Hori gutxi ez, izango dira azoka girotzeko gazta eta intxaur apustuak eta zozketak.
Jateko, berriz, haragi hanburgerra eta beganoa, txonkoa, saltxitxak, patata-purea eta oreka ogia salduko dituzte. Salta desberdinekin dastaturiko patata frijituak edota mini-saltxitxak ere izango dira anoa gisa eskatzeko, eta Iztuetako izozkia izango dute postrerako. Afariak ateratzeko 21:00etan hasiko dira. Ostegunean, pintxo-pote eguna denez, mokaduren bat emango dute garagardoarekin batera.
Iraila betea
Motozaleen festarekin hasi zen, aurreko zapatuan, hilabeteko festa Lazkaon. Moto bilkura, otordua, musika eta erakustaldia egin zituzten, Unai Dominguez zenaren omenez, baina hemendik aurrera ere ekitaldi sorta desberdinak izango dira irailaren 29ra arte, San Migel egunera arte, hain zuzen. Erraldoi eta buruhandien konpartsen ikuskizunak, liburu aurkezpenak, musika kontzertuak, sagardo dastaketa, Josetxo Imaz lasterketa eta gehiago izango dira. Kirol aldetik ere, ohiko Esparruko igoera eta eskolaumeen duatloia ere jokatuko dira, irailaren 21 eta 27an, hurrenez hurren.












