Txerria kartoizkoa, baina odolkia benetakoa
Gaur arratsaldean San Martin eguna ospatu dute Urretxuko Iparragirre plazan, San Martin auzoko bizilagunen eta udalaren eskutik. Urteroko moduan, haurrek jolasak eta txokolate jana egin dute. Ondoren, Urretxu-Zumarragako Herri kirol taldeak antolatuta, herri kirol erakustaldia egingo dute. Odolki pintxo dastaketa ere egin dute, noski. Iparragirre Balerdi musika tailerrak eta Lizarriturri txistulari taldeak festa girotu dute. Gainera, bi urdaiazpiko zozkatu dituzte. Jasotako dirua Gernika-Palestina elkarteari emango diote.
Dermatosi nodular kutsakorra dela eta, aurten Martintxo txerrikumea etxean gelditu da. Baina antolatzaileek eta haurrek gogoan izan dute: antolatzaileek kartoizko txerrikume bat jarri dute Martintxoren kaiolan eta haurrek, Martintxori bezala, lastoa bota diote eta belarritik tira egin diote.













