Antzerki Garaiak zortzi proposamen berri dakartza
Ordiziako eta Beasaingo Udalek elkarlanean antolatu dute Antzerki Garaia. Emanaldi gehienak euskaraz izango dira. Abonuak eskuragarri izango dira urtarrilaren 4tik aurrera. Lehenengo emanaldia 'Escape room' izango da, Beasainen.
Leire Artola eta Adur ezenarro gaur goizeko aurkezpenean. Ariane Vierücher Beasaingo eta Ordiziako Udalek elkarlanean antolatutako 2026ko Antzerki Garaia zikloa aurkeztu dute gaur bi udalerrietako alkateek, Leire Artola (Beasain) eta Adur Ezenarro (Ordizia). Beasaingo Usurbe Antzokian egin dute aurkezpena, eta aurten ere, kultur eskaintza indartzeko apustua azpimarratu dute.
Urtarrilaren 9an hasiko den egitarauak zortzi antzezlan bilduko ditu guztira. Horietatik sei euskaraz izango dira, eta bi gaztelaniaz. Beasaingo Usurbe Antzokian eta Ordiziako Herri Antzokian izango dira emanaldi, guztiak 20:30ean hasita.
- Urtarrilak 9: Escape room (euskaraz), Beasaingo Usurbe Antzokian
- Urtarrilak 23: Etxea, Ordiziako Herri Antzokian.
- Otsailak 6: Desobedienteak, Usurbe Antzokian.
- Otsailak 13: Hercio(s), Herri Antzokian.
- Martxoak 13: R&J (gaztelaniaz), Usurbe Antzokian.
- Martxoak 27: Kandida, Herri Antzokian.
- Apirilak 17: Loreen hizkuntza, Usurbe Antzokian.
- Apirilak 24: Trajea, Herri Antzokian.
Elkarlan sendoa
Aurkezpenean gogorarazi dutenez, bi udalen arteko elkarlana eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Euskadiko Antzoki Sarearen laguntza funtsezkoak izan dira datorren urteko programa osatzeko. Antzokietako jarduna indartzea eta publiko zabalagoa erakartzea da helburu nagusia.
Artolak eta Ezenarrok nabarmendu dutenez, “euskarazko antzerkia sustatzea, ohiturak sendotzea eta kultur kontsumoa herritarrengana hurbiltzea” da zikloaren ardatza. Era berean, antzerki konpainien kalitate artistikoari, originaltasunari eta ibilbideari erreparatu diete aukeraketa egiterakoan.
Sarrerak eta abonuak
Emanaldi bakoitzerako sarrera 12 euroan egongo da salgai, eta denboraldi osoko abonua 72 euroan eskuratu ahalko da urtarrilaren 4ra arte. Abonuak aukera emango dute Beasaingo zein Ordiziako emanaldietara joateko, beti eserleku finkatuan.
Sarrerak aurrez erosteko, Ordizian, Herri Antzokiko leihatilan eskura daitezke edota Kutxabankeko kanalen bidez. Beasainen, berriz, www.usurbe.eus webgunearen bidez edota antzokiko leihatilan bertan.













