Ataungo Gaztelekuak ateak irekiko ditu berriro, gaur
2010-2014 urteen artean jaiotako ataundar gaztetxoek badute berriro ere aisialdirako funtsezkoa den gaztelekua. Ostiral eta larunbatero zabalik izango da, bi orduz.
Prestaketa lanak amaituta, ataundarrek prest dute herriko gaztetxoen aisialdirako eta euren artean harremanak sustatzeko funtsezkoa den gaztelekua. Gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak. eta tailer zein jolas ezberdinak gaztetxoen eskura jartzeaz gain, gunea astebururo zabalik egongo da atseden hartzeko, lagunekin elkartzeko edota materiala libreki erabiltzeko.
Hemendik aurrera, hala, ostiral eta larunbatero zabalduko da, bi orduz, 18:00etatik 20:00etara, eta ohiko moduan, 2010ean jaiotakoetatik hasita, 2014era arteko gaztetxoek erabili ahal izango dute. Hala ere, aurrez izena eman dezaten eskatu du udalak, harrera eta antolaketa hobea egiteko bidea erraztuta. Hartara, interesdunek udalaren webgunearen bidez egin dezakete izen-ematea.













