Goierriko EH Bilduren alkateek zuhurtziaz hartu dute Olaberrian eraiki asmo duten biogas plantaren proiektua
Proiektuaren inguruko "zalantza nagusiak teknikoak" direla nabarmendu dute, eta "informazio zehatza jasotzeko beharra" ikusi dute Goiekin aditu talde bat sortuta.
Goierriko EH Bilduren alkate eta udal ordezkariak, aste honetan Goiekin egindako bileran.EH Bildu Goierriko EH Bilduren alkate eta ordezkariek lan-bilera egin dute aste honetan Gipuzkoako arduradun politikoarekin. Gaur egungo egoeraren azterketa egin eta esku artean dituzten gai eta proiektuen inguruan aritu dira. “Eskualdearen etorkizunari ere erreparatu diote, eta parez-pare dituzten erronka handiak izan dituzte hizketagai; tartean, proiektu berritzaileak eta ilusioa sortzen dituztenak”, nabarmendu du ohar bidez Gipuzkoako EH Bilduk.
Koalizioko iturriek diotenez, “badira, hala ere, kezka eragiten duten” bestelako proiektuak. “Horien artean, batek hartu du tarte nabarmena: Olaberrian eraiki asmo duten biogas plantak, hain zuzen ere. Proiektuan inplikatuta dauden enpresen bidetik, Goierriko EH Bilduko kideek ere Goieki Goierriko Garapen Agentzian izan dute horren berri”.
Aditu talde baten premia
Diotenez, udal ordezkariek “zuhurtziaz” jaso dute informazioa. “Eta lehen datuak jasota, galdera batzuk jarri dituzte mahai gainean, ahalik eta informazio zehatzena lortzeko xedez. Galderak egin ondoren, argitu baino, kezka handitu zaiela ikusita, arduraz, jarraipen estua egitea erabaki, eta bidea urratzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute”.
Galdera horien artean “zalantza teknikoak” dira, eta proposamen zehatza egin diote Goiekiri: aditu talde bat sortzea. Ildo horretan, 2026ko aurrekontu proiektuan horretarako diru-partida izenduna sortzea eskatuko dute.
EH Bilduren iritziz, garrantzitsua da Goierrin bezala gainontzeko eskualdeetan ere eskualdearen garapenean lagunduko duten proiektuak sortzea. “Horien kudeaketan ezinbestekoa da erantzukizunez, arduraz eta zuhurtziaz aritzea, herritarrei modu egokian erantzuteko”.













