Noir Socharen bigarren lana
Goierriko musika taldearen ‘IV’ izeneko EP berria entzungai da gaurtik aurrera.
Noir Socha musika taldeko laukotea, promozio argazki batean. Noir Socha Noir Socha musika talde goierritarrak IV izeneko EP berria kaleratu du. Joseba Basarte Galarza, Suso Donsion Alegre, Iban Martin Lemiña eta Xabier Lopez Atxega laukoteak 2017an sortu zuten taldearen bigarren lana da. «Rockaren eta poparen artean mugitzen den lurralde propioa landu» dute, eta bigarren lanean Noir Socharen «heldutasuna eta bilakaera» nabari daiteke.
Izan ere, «hainbat estilo musikalen konbergentzia gertatzen da» EP berrian, «betiere identitate propio eta bereizgarri baten azpian». Gainera, «produkzioa hasieratik integratuta dago, sormenaren prozesuaren funtsezko parte gisa, eta emaitza proposamen anitz, garaikide eta guztiz pertsonala da».
Lau kantu
Lau kantuko lana kaleratu du laukoteak. «Lau kideen genero eta eragin anitzek zaildu egiten dute lan hau sailkatzea, baina euren ukitu pertsonal eta bereizgarria aurkitu dute, publikoak jasotzen dituen proposamen gehienetatik bereizten dituena». Azken batean, lan «parte-hartzailea» dela diote, «su motelean egositakoa, berehalakotasunak kutsatutako panorama baten barruan, baina konposizioak erabat fresko eta aske mantentzen jakinda».
Honesty kantuak, soul izaerako hasiera bat du. «Gure harremana sentimenduekin aztertzen duena, ezkutatzearen eta adierazpenaren artean. R&B beat batean eta gitarra atmosferikoetan bilduta, tentsioa goraka doa klimax emozional bateraino».
Grunge EPko lanik esperimentalena da. «Segundo gutxitan synth-popetik jazz-rockera bidaiatzen du, azkenik sintetizadore-laino batean lehertuz, non koruek helduarotik nerabezaroari kantatzen dioten».
Carton Eyes, berriz, «festa eta harreman pertsonalen ospakizuna» da. «Estribilo perfektua duen funk galaktiko baten gainean eraikia. Sampleak, perkusioak eta hip hopetik inspiratutako erritmoak egiten dute EPko kanta dantzagarriena eta eskuragarriena».
Laugarrena eta azkena, Another Tale, «lan-estresaren normalizazioan inspiratuta, EPari amaiera ematen dio soinu organikoko synth-rock epiko batekin, gitarra astunekin eta dramatismoa eta indarra ematen dituen crooner ahots tonuekin».













