Urrup taldearen antzezlan berriaren estreinaldia Ordizian
Ordiziko Herri Antzokian aurkeztuko dute ‘Segunda convocatoria’ lana, ostiralean.
Urrup antzerki taldearen 'Segunda convocatoria' antzezlana iragartzeko talde argazkia.Urrup Martxoaren 8ari begira azken urteetan egin duen bezala, aurten ere antzezlan bat aurkeztuko du Ordiziako Urrup antzerki taldeak Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan. Segunda convocatoria du izena antzezlanak, eta etzi, martxoaren 6an aurkeztuko du, Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean. Urtero bezala, Kimetz emakumeen elkarteak Emakumeen Egunaren harira antolatutako emanaldi sortaren barruko emanaldia izango da. Sarrerak salgai daude jada, leihatilako ordutegian edo Interneten Kutxabanken bidez.
Izenak iradokitzen duen bezala, gaztelaniaz da. Urrupeko aktore ere baden Ana Martinez Azkonak idatzi eta Rosa Rojo zuzendariak zuzendutako komedia bat da. «Egile bereko Tuppersex, Si ellas hablaran, El parto edo El 27 antzezlanek oso harrera ona izan dute azken urteetan eta harro esan dezakegu inguruko antzokiak bete ditugula», azaldu du antzerki taldeak. Hala, Rojoren zuzendaritzapean, Nekane Aramendi, Itsaso Ortega, Marisol Cavero, Gorka Lariz, Jose Luis Elorza, Inaxio Lakunza, Ana Martinez eta Martin Etxebarria igoko dira oholtzara; Julen Iraolak egingo ditu teknikari lanak; eta Eukene Lekuona diseinatzaileak egin du kartela beste behin.
Batzarra, gizartearen isla
Auzotarren bilera batean murgilduko dira antzezleak emanaldian, «umorez eta ironiaz». Eraikin bateko bizilagunak beren komunitateko bilerara deitu dituzte. Batzuk egunaren zain egon dira; beste batzuentzat derrigorrezko hitzordua da, baina ez dute bertaratzeko gogorik. «Gai-zerrenda, itxuraz, edozein auzo-batzarrena da, baina partaide bakoitzaren kezka eta obsesioek eta gizartean agintzen duen matxismoak zipriztinduko dute bilera. Batzarra 19:30ean hasiko da bigarren deialdian. Auskalo noiz eta nola amaituko den!», dio sinopsiak.
Batzar horiek ez dira ekintza komunitario isolatuak, eta gizartearen isla bilakatu ohi dira. Ondorioz, emakumeek jasaten dituzten egoerak emango dira; amatasuna, zaintza, indarkeria matxista, lan prekarietatea edota kanon estetikoen esklabotza bezalako gaiak azaleratuko dira bilera horretan.
Urrupek Kimetzekin antolatutako ekimen bateratuari «beste behin babesa ematera gonbidatu» ditu herritarrak.













