Elbereth taldearen agur ahaztezina
Legazpiko metal bandak jendetza elkartu zuen Azokan larunbatean egin zuen azken kontzertuan. Taldekide ohiak eta herriko musikari lagunak ere igo ziren oholtzara. Koma taldeak osatu zuen gaueko kartelera.
Elbereth taldeak agur esan du, metal musikaren historian leku esanguratsua lortu eta gero. Larunbat gauean itxi zuen 25 urteko ibilbide etengabea, Azokan egin zuten Oholtza Bete Bihotz omenaldi jaialdiaren baitan. Legazpiko banda ospetsuaren azken kontzertua izan zen.
Ruben Sanchez, Aritz Legorburu, Julen Albisu, Iker Manso eta Xabier Etxeberria goizetik hasi ziren agurra ospatzen, dozenaka lagunez inguratuta. Bazkarian elkartu ziren lehenik, Aitxuri jatetxean, afaria ere lagun artean egin zuten, eta Azokan, gauean, jarraitzaile ugari batu zitzaizkien kontzertuan.
Oholtzan ere izan zituzten lagunak: Juanjo Garcia eta Xabier Urkia taldekide ohiak, Kalean eta Antisepsia taldeetako Abel Rodrigo, John Dealer & The Coconuts taldeko Iñigo Caballero, Latzen taldeko Yerko Ortiz, Expansion taldeko Enrique Bezunartea, Mala Hierba taldeko Alain Narbona eta Anker taldeko Joanes Legara-Ereño.
Guztien artean, kontzertu ahaztezina egin zuten, eta gaua borobiltzeko, Koma taldeak jarri zuen puntua.
Taldekideen balorazioa
Elbereth taldeko musikariek atsedenerako gorde zuten igandea, baina astelehen goizean prest zeuden agurraren balorazioa egiteko. “Eguna oso berezia izan zen hasieratik, bazkaria oso ondo egon zen. 70 lagunetik gora elkartu ginen, eta oso hunkigarria izan zen hainbeste lagun elkarrekin ikustea”. Kontzerturako ordu batzuk falta ziren oraindik, eta Azokara hurbiltzeko garaia iristen ari zela, “azken orduko nerbioak ” azaleratzen hasi ziren. Soinu probak pixka bat berandutu egin ziren arren, “txukun” joan ziren, eta gero lehertu zen festa.
Zuzenekoa “oso ondo” joan zela diote. Taulatura igo zirenean, azken kontzertua izanda, ohi baino urduritasun handiagoa nabaritzen zen inguruan, baina behin jotzen hasita, batez ere lehenengo bi abestiak jo eta gero, “tentsio guztiak botatzeko aukera” izan zuten, eta lasaituta, “gozatzen” hasi ziren. Eta publikoa gozarazten ere bai, dantza eta kanta batean jarri zutelako. “Jendea gustura egon zen, hala sumatu genuen guk behintzat”.
Agurrarena, egun luzea izan zen, “baina oso pozik” geratu ziren Legazpiko musikariak. “Horixe zen gure helburua, guk ondo pasatzea, eta jendeari ere ondo pasatzeko aukera ematea, eta lortu genuen”.














