CAF salatu dute Jerusalemgo tranbiagatik, eta fiskaltza aztertzen ari da
Salatzaileek diote CAFek Jerusalemgo tranbian duen inplikazio eta parte hartzea "egiturazkoa" dela, "ezinbestekoa" dena "tranbiaren sistemaren zabalkunderako".
Protesta eta aldarrikapena Palestinaren alde, Amnesty International, BDZ Euskal Herria eta Argituz elkarteek deituta, CAF kanpoaldean, ekainean.Aimar Maiz Gizarte zibileko zazpi erakundek salaketa jarri dute Espainiako Fiskaltzan CAFeko administrazio kontseiluaren aurka, enpresak esku artean duen Jerusalemgo tranbiaren proiektuagatik.
Novact indarkeriarik ezaren aldeko institutua, CSCA arabiar kausarekiko elkartasun batzordea, Comunitat Palestina de Catalunya, ODESCA gizarte eskubideen eta justizia ekologikoaren aldeko behatokia, Paz con Dignidad erakundea, SUDS feminismoaren, internazionalismoaren eta justizia globalaren aldeko elkartea eta Guernica 37 abokatu taldea dira salatzaileak.
Otsailaren 18an erregistratu zuten salaketa, eta fiskaltza aztertzen ari da. Salatzaileek diote CAFek –”Israelgo Shapir enpresarekin elkarlanean”– Jerusalemgo tranbian duen inplikazio eta parte hartzea “egiturazkoa” dela, “ezinbestekoa” dena “tranbiaren sistemaren zabalkunderako”. Haien esanetan, enpresaren rola “kolaborazio puntual bat izatetik harago” doa, Linea Gorria hedatzen, Linea Berdea eraikitzen eta seinaleztapen, energia eta telekomunikazio sistemak zabaltzeaz arduratzen delako.
Erakundeen arabera, azpiegitura horiek nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen dute, palestinarren “apartheida” bultzatzen duelako. Fiskaltzari eskatu diote erantzukizun penalik baduen ikertzeko, eta esan dutenez, “beste bide juridiko batzuk” hartuko dituzte fiskaltzak aurrera egiten ez badu.
Kritika eta eskakizun testuinguru zabalago batean kokatu dute salaketa. Besteak beste, NBEko errelatore Francesca Albanesek uztailean aurkeztu zuen txostenean adierazi zuen enpresa batzuk ekonomikoki ari direla baliatzen genozidioa gertatzen ari den bitartean, eta tartean zegoen CAF. Irailean, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen bulegoak Zisjordanian kokatutako asentamendu ilegaletan jarduten duten enpresen zerrenda eguneratu zuen, 68 enpresa gehituz, tartean CAF.
Azaroan, Gazarako Mugimendu Globala taldeko hainbat lagun Beasaingo lantegiaren sarreran kateatu ziren, CAFek Israelekin duen harreman komertziala eten dezan exijitzeko.
Proiektua eteteko eskatu du LABek
LAB CAF Taldeko lider sindikalak ohar baten bidez enpresari beste behin eskatu dio “Jerusalengo trenaren proiektua bertan behera uzteko”. Sindikatuak adierazi du “proiektua legez kontrakoa dela nazioarteko zuzenbideari dagokionez”.
Bere posizioa berretsi du: “LAB sindikatua hasiera-hasieratik agertu da CAFek proiektu hau egitearen aurka, eta bere posizioa behin eta berriz adierazi izan du. Enpresa proiektuaren lizitazioan parte hartzen ari zela jakin bezain pronto, LABetik iniziatiba hartu eta enpresa batzordeak lizitaziotik erretiratzea eskatu zuen 2019ko urtarrilean”, azaldu du.
2019ako abuztuan CAFek lizitazioa irabazi zuela jakinda, “enpresari lan horiei uko egitea eskatu” ziola gogora ekarri du. “Eta azkenik, 2025eko uztailaren 8an, Sidenorrek Israelekin harremanak etetea erabaki zuenean, Sidenorrek hartutako bide berdinetik, CAFeko zuzendaritzari proiektuari uko egiteko eskatu zion, beste behin. Enpresak, ordea, behin eta berriz entzungor egin die langileen eta sindikatuen eskakizunei”.
Patronalaren jarrera kritikatu du sindikatuak, eta horregatik “kezka” adierazi du, “patronalaren eskrupulurik ezak etorkizuneko beste proiektu batzuetan izan ditzakeen ondorioengatik eta horrek langileengan eragin dezakeen kalteagatik”.
Amaitzeko, aldarrikatu du Israelekin lankidetzan aritzeko hartutako erabakia, CAF NBEren zerrendan agertzea eta enpresako zuzendarien aurkako salaketa ez dela “CAF bezalako enpresa baterako erakusleiho egokiena balizko proiektu berriei begira”.













