Final laurdenak, Zaldibian hasita
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren 2. fasea Zaldibian hasiko da, Goierriko eta Tolosaldeko irabazleen saioarekin. Zumarraga-Urretxu 1 taldea eta Alegiko Boskatu taldea lehiatuko dira.
Mikel Iturriotzek, Antton Fernandezek eta Manex Mantxolak osatzen dute Zumarraga-Urretxu 1 taldea. Irudian, Biziolan jokatutako Goierriko finalean. Hitza Zumarraga-Urretxu 1 eta Alegiko Boskatu taldeak arituko dira ostiralean, 19:00etan, Zaldibiako herri antzokian, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolaritza Txapelketako final laurdenetan.
Zumarraga-Urretxu 1 taldeko bertsolariak Antton Fernandez, Mikel Iturriotz eta Manex Mantxola dira, eta Alegiko Boskatu taldekoak Iker Arandia, Egoi Irazustabarrena eta Eneko Ontsalo. Hala ere, txapelketa honetan taldeak bertsolariek bakarrik ez dituzte osatzen, gai-jartzaile bat eta epaile bat ere badu talde bakoitzak. Goierritarren gai-jartzailea Leire Akizu da, eta epailea Jon Mendizabal. Tolosaldekoen taldeko gai-jartzailea Pello Olano da, eta epailea, berriz, Aratz Irazustabarrena.
Azken txanpa
Zaldibiakoaz gain hiru kanporaketa gehiago egongo dira final laurdenetan: Azpeitian hilaren 18an, Hernanin hilaren 24an eta Soraluzen hilaren 25ean. Final erdietara lau talde sailkatuko dira. Final erdiak maiatzaren 9an Oñatin, eta maiatzaren 16an Tolosan izango dira. Finala Aiako Probalekuan izango da maiatzaren 30ean.













