Ordiziako Alde Zaharra Dantzan jarriko dute asteburuan
Bi eguneko egitaraua ondu dute, ostiral eta larunbaterako. Lehiaketak, musika eta fanzone-a izango dira herrigunean.
Tortilla lehiaketako podiuma: 1. Natale Ormazabal eta Danel Madrazo. 2. Leire Etxeberria – Iride Ardanaz. 3. Eneko Akallaga – Eneko Samaniego.Kerman Garralda Orain hiruzpalau urte antolatzen hasi zirenetik gaurdaino sona handia hartu dute Alde Zaharreko jaiek. Ordiziako ostalarien ekimenez antolatzen dira, udalaren, merkatari elkartearen eta herriko bestelako zenbait talde eragileren laguntzarekin. Bada, aurtengoan ere, urteko asteburu animatuenetako bat bizitzeko prestatzen ari da Ordizia, eta herriko alde zaharra kulturaz eta jai giroz blaituko dute asteburuan. Bi eguneko egitaraua ondu dute.
Jai herrikoia
Asier Aseginolaza antolatzaileak azaldu du ilusio handiz ari direla lanean, nahiz eta kezka puntu bat ere baduten. Izan ere, aurtengo edizioa Realaren Kopako finalarekin bat etorriko da. Haren esanetan, egoera hori «alde biko lantza» izan daiteke: herritar asko kanpoan izango dira, baina, aldi berean, Gipuzkoa osoan festa giroa izango da partidaren bueltan.
Hala ere, antolatzaileak ziur agertu dira prestatutako egitarauarekin plaza beteko dutela, eta egun guztian zehar ekintzak aurrera eramaten buru belarri arituko diren herriko talde eragileak eskertu nahi izan dituzte, bide batez: Emaneurrek photocalla jarriko du asteburu guztian zehar Zuhaiztian, Ordiziarrockek ohi bezala musikariekin lagunduko du, eta Burrunbazale txaranga ere egun guztian zehar ariko da alde zaharreko kaleak girotzen. Festa «herrikoia» izango da beraz.
Ekintzak, erritmo onean
Gainerakoan, adin guztietarako ekintzak izango direla azpimarratu du Aseginolazak. Ekintza guztiak «erritmo onean» doazela azaldu du, eta ohiko zenbakien inguruan ibiliko direla ziurtatu du: «Margo lehiaketak artista ugari bilduko ditu, patata tortilla lehiaketan ere hogei bikote inguru izango dira, eta herri bazkarian, ohi bezala, 300 herritar inguru». Hala ere, izen emateak zabalik eta tiketak eskuragai daude oraindik, Urdin, Sugar, Kirkil, Haka, Leizea eta Amone tabernetan, 13 euroan.
EGITARAUA
Ostirala, apirilak 17
- 19:00. KantAzak
Larunbata, apirilak 18
- 09:00. Aire Libreko II. Margo Lehiaketa, Barrenan.
- 11:30. Tortilla patata txapelketa, Plaza Nagusian.
- 14:30. Herri bazkaria, kanpoko pilotalekuan.
- 17:00. Marsel Magoa Garagartza plazan.
- 18:00. Burrunbazale txaranga, Garagartza plazatik hasita.
- 18:00. Margo sari banaketa eta erakusketa irekiera, Barrenan.
- 21:00. Realaren finala pantaila handian, Plaza Nagusian.
- Finalaren ostean. Kontzertuak: Skabidean eta Zankarron blues.













