Ilintik produktu saskiak zozkatuko ditu udaberriko kanpainan
Hilaren 25era arte egindako erosketak sartuko dira zozketan. Kanpaina honetan ere Garaguneko erabiltzaileen lankidetza izan dute Legazpiko merkatariek.
Udaberri kanpainan dago murgilduta Legazpiko Ilinti merkatari elkartea joan den astean hasi eta hurrengo hilaren 25era arte. Epe horren barruan elkarteko establezimenduetan egindako erosketak hamabi produktu loteren zozketan sartuko dira. Sei lote belar dendetako produktuez osatuta daude, eta beste seiak fruta dendetako produktuekin. Garaguneko erabiltzaileek diseinatu dituzten poltsak ere sartuta daude loteetan.
Hilaren 25era arte egindako erosketen tiketetan izena eta telefono zenbakia jarri behar da, eta establezimenduan bertan jarritako poltsan edo saskian utzi. Ilintik guztiak jaso, eta hilaren 27an egingo du zozketa, elkartearen egoitzan. Saridunei zuzenean jakinarazi diete, eta handik bi egunera hitzordua jarriko diete loteak jasotzeko. Ilintiko eta Garaguneko ordezkariak ere bertan izango dira.













