Saloura ikas-bidaia egiteko dirua irabazten
Legazpiko azokan postu berezia dago gaur, Urretxuko institutuko ZIG gelako ikasleena. Eskolan egindako produktuak saltzen ari dira, maiatza amaieran Saloura ikas-bidaian joateko dirua lortzeko.
Legazpin azoka eguna da ostirala, eta postu berezi bat dago bertan gaur, elizako arkupeen ondoan kokatuta. Urretxuko Iparragirre institutuko Zereginen Ikasketa Gelako ikasleen postua da, eta eskolan bertan egindako gozoak, gailetak eta eskulanak dituzte salgai, baita Realari keinu eginez hainbat giltzatako eta bestelakoak ere.
Urretxu, Zumarraga, Lazkao, Ordizia, Ataun eta Ormaiztegiko gazteak dira, eta azken hilabeteetan Goierriko azokaz azoka dabiltza, beraiek egindako produktuak salduz ikas-bidaia egiteko dirua lortzeko helburuarekin. Maiatzeko azken astean egingo dute ikas-bidaia hori, Saloura (Herrialde Katalanak). Legazpiko azokara maiatzaren 8an itzuliko dira.













