Sevillara, titulu eta bizipen berri baten bila
Sevillara bidea hartuko dute gaur ehunka goierritarrek. Kolore txuri urdinez jantzita daude Goierriko eraikinak eta kaleak. Zaleentzat guneak jarriko dituzte bihar Goierriko sei herritan.
Segurako Errealaren Lagunak taldeak deituta argazki erraldoia atera dute realzaleek.Pello Agirrezabal Asteburu berezia izango da Gipuzkoan, ezohikoa, aspaldi gogoratzen ez den horietakoa. Realak Espainiako Errege Kopako finala jokatuko du larunbatean, Sevillan, Atletico Madrilen aurka. 2021ean ere jokatu zuen finala –baita irabazi ere–, baina ikuslerik gabe; etxetik bizi behar izan zuten realzaleek garaipena. Ikusleekin jokatu zituen azken bi finalak 1987koa eta 1988koa izan ziren. Bada, aukera berria du asteburuan talde txuri-urdinak, eta milaka zale gipuzkoar izango dira bertan.
Goierrin ere nabari da asteburuko partida irabazteko dagoen grina. Azken egunotan nabarmen aldatu da eskualdeko paisaia: kaleak, plazak eta etxe-atarietako balkoiak txuri-urdinez jantzi dira; herritarrek ilusioa kalera atera dute, eta giroak jai kutsu nabarmena hartu du. Saltoki eta komertzioetako erakusleihoek ere bat egin dute ospakizunarekin, eta eguneroko jardunak lekua baduen arren, nabaria da goierritarrek arreta larunbateko hitzordu handian jarrita dutela.
Goierritik Sevillara
Goierritar askok Sevillarako bidea hartuko dute gaur. Batzuek autoz, furgonetaz edo hegazkinez planifikatu dituzte bidaiak. Beste batzuek partidaren aitzakian, egonaldia luzatuko dute. Badira, halaber, ahalegin guztien gainetik, joan-etorria egun bakarrean egingo dutenak: gaur iluntzean abiatu, 12 ordu inguruko ibilbide luzea egin, finala zuzenean ikusi edota finaleko giroa zuzenean bizi, eta atseden handirik hartu gabe, gau berean itzuliko dira Goierrira. Ekimen horiek agerian uzten dute zalegoaren konpromisoa eta ilusioa.
Denak adierazten du egun historikoa izan daitekeela. Eta ez da gutxiagorako: Goierrik ordezkaritza zabala izango du jokalarien artean ere, Aritz Elustondo eta Beñat Turrientes beasaindarrekin. Elustondok azken Kopako finalean ere parte hartu zuen, eta Turrientesentzat aurreneko aldia izango da. Esperientzia zein heldutasuna eta gaztetasuna zein ilusioa uztartzea funtsezkoa izan daiteke titulua eskuratzeko.
Pantaila erraldoiak
Sevillara joaterik ez dutenek, ordea, ez dute finalaz gozatzeko aukerarik faltako. Eskualdeko hainbat udalerritan fanzoneak edo zaleentzat guneak prestatuko dituzte, partida giro berezian elkarrekin bizitzeko. Ordizian (Plaza Nagusia), Legazpin (Euskal Herria plaza), Zumarragan (Euskadi plaza), Urretxun (Gernikako Arbola plaza), Idiazabalen (Igarondo pilotalekua) eta Beasainen (Bideluze plaza eta Ezkiaga) pantaila erraldoiak jarriko dituzte, eta ehunka lagun biltzea espero da.
Ordizian, gainera, Alde Zaharreko jaien testuingurua aprobetxatuta, Emaneurre taldeak photocalla izango dute asteburu osoan zehar, arboledan. Zumarragan, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen Combo GUazen Reala dinamikarekin bat eginda, gune bereziak jarriko dituzte Urzubi, Hirukia eta Bidezar tabernetan.
Kaleak zalez beteko dira, animo oihuak nonahi entzungo dira, eta giroak Sevillako estadioaren isla txikia sortuko du Goierrin. Emaitza edozein dela ere, larunbateko finalak arrastoa utziko du: ilusio kolektiboa eta identitate partekatua agerian geratuko baitira.


Gari Lizarragak 1980ko Realaren abesti ezaguna berreskuratu du
Gari Lizarraga zumarragarrak 1980ko hamarkadan oso ezaguna egin zen Realeko abesti bat berreskuratu du. Abesti hura Imanol Urbietak sortu zuen. Zumarragarrak moldatu egin du eta Gure nortasuna izenburua eman dio. «Aspalditik nuen buruan abesti hori grabatzea. Realak Kopako finala jokatuko duenez, une egokia orain dela pentsatu dut eta lau egunetan grabatu dut».
Zazpi musikarirekin grabatu du: Iñaki Larrañaga (panderoa eta irrintziak), Urki Muñoz (txalaparta), Jokin Calvo (txalaparta), Julen Leuza (atabala eta dultzaina), Juanma Urriza (bateria), Txitxarro (baxua) eta Markos Txurruka (gitarra eta ahotsa).













