Erraldoi eta buruhandien festa nagusitu da Lazkaon
Pasaiako, Lekeitioko, Errenteriako, Legazpiko, Ibarrako eta Herrialde Katalanetako Villasar de Dalt herriko erraldoiak bildu dira, Lazkaokoaz gain.
Lazkao erraldoien topaleku bihurtu da laugarren urtez. Aurten, zazpi herritako erraldoi konpartsak elkartu dira Erraldoien Topaketara: Lazkaoko, Pasaiako, Lekeitioko, Errenteriako, Legazpiko, Ibarrako eta Herrialde Katalanetako Villasar de Dalt herrikoak. Atzo eman zien ongietorria azken hauei udaletxean, eta horrekin hasi zuten festa herrian.
Gaur, 10:30ean, bilkurako erraldoien erakusketa egin dute TPT plazan, eta 11:00etan, herrian zehar ibili dira erraldoi eta buruhandi guztiak, musikarekin lagunduta.
Etxeko txikien zein helduenen gustuko izan dira erraldoiak, eta haien kalejirarekin, Lazkaoko kaleak doinu eta kolore biziz bete dira. Atzoko Errealaren garaipenari keinu egin dion erraldoirik ere ikusi ahal izan da, soinean bufanda txuri-urdinarekin.













