Festetarako laguntza deialdia egin du Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkarteak
Ekaineko jaietan laguntzeko pertsonen sarea osatzea dute helburu, txosnetarako, muntaketarako edota egitaraua osatzeko. Zapiak jarri dituzte salgai 3 euroan.
Urko Pajares Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkarteko bokala eta Iker Hernandez presidentea, zapiarekin.Laida Goiburu Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkartea babesle eta laguntzaile bila dabil. Iaz sortu zuten elkartea, auzoa biziberritzeko helburuarekin, eta bide horretatik iazko sanpedroetan berreskuratu zituzten auzoko festak, aspaldian galduta egon ondoren. Aurten ere festak antolatuko dituzte, eta egitaraua osatzeko, laguntza ekonomiko zein pertsonala eskatu dute elkarteko kideek.
Iker Hernandez elkarteko presidenteak azaldu duenez, udalarekin duten hitzarmenaren bidez diru laguntza jasotzen dute, baina kopuru hori zabaldu nahi lukete ekimenak aurrera eraman ahal izateko, eta horretarako egin dute deialdia: «Auzoarentzako materiala erosi nahi dugu; paella egiteko materiala, parrilla bat erosi dugu… eta festetako egunetan adibidez bazkarietarako tiketen prezioa murriztu genezake laguntza jasoko bagenu, bestela, auzotarren gain geratzen da guztia». Enpresei, tabernei edo «laguntzeko prest dagoen edonori» egin diote deia. «Auzoko tabernek lagundu dute, eta beste enpresa batzuen ekarpena ere izan dugu», azaldu du.
Ekainaren 26an, 27an eta 28an izango dira Ezkiaga auzoko sanpedroak
2025. urte hasieran auzo elkartea sortu zuten, udalarekin komunikazioa eta harremana errazte aldera, eta martxoan egin zuten Ezkiaga Auzo Elkartearen lehenengo Batzar Nagusia, arazoak elkarrekin jorratzeko eta irtenbideak proposatzeko. Harrezkero, elkartea arduratzen da auzoan egon daitezkeen arazoak udalari komunikatzeaz; besteak beste, hiru hilez behin hirigintza arazoak behatzen dituzte: «Buelta bat ematen dugu udaleko hirigintza arloko arduradunarekin auzoan, nola dagoen eta zer aldatu daitekeen ikusteko».
Ideiak eta proposamenak
2025eko ekainaren amaieran berreskuratutako lehen festak izan zituzten eta, Hernandezen esanetan, «jende pila bat» elkartu zen: «Paellan 300 pertsona izan ginen». Aurten ekainaren 26an, 27an eta 28an izango dira festak. Baina zailtasunak izaten ari dira, ez soilik ekonomikoki, pertsonal aldetik ere bai. Horregatik, lagundu nahi duen edo ideiak eta proposamenak dituen edonor animatu dute elkartearekin harremanetan jarri eta parte hartzera. Pertsonen sarea osatzea dute helburu, txosnan, muntaketan, jolasetan… laguntzeko: «Festetan lan boluntarioa egiteko prest dagoenari, herriko elkarte edo taldeei». Adibide batzuk eman ditu: «Festetan emanaldi bat egiteko prest dagoen antzerki taldeari, edo pilota partidak antolatzeko prest dagoenari, egitaraua osatzen lagundu dezakeen orori».
Proposamenak egin nahi dituztenek av.ezkiaga@gmail.com helbidera idatzi behar dute, edo elkarteak Oriako Pasealekuan (KZgunearen ondoan) duen bulegora inguratu.
Zapiak salgai
Auzo elkartearen irudi grafikoa berritu dute eta irudi horrekin lepoko zapiak egin dituzte. 3 euroan jarri dituzte salgai, Elei ile apaindegian, Oskarbi kafetegian eta Erloju kafetegian. Auzoari zein herriari keinu egin diete: ezki bat agertzen da, azpian bi bare dituela.
«Iazko jaietan izandako arrakastaren ondoren», errepikatu egin nahi dute. Auzoa girotzeko, laguntza oro baliagarria dela nabarmendu dute: «Auzoaren alde eta auzoarentzat gauzak egiten jarraitzeko».













