Gure Zirkuak bederatzigarren birari hasiera emango dio Olaberrian
Gure Zirkuak 11 emanaldi eskainiko ditu Olaberrian. Beñat Maiz beasaindarrak parte hartuko du. Sarrerak Gure Zirkuaren atarian eros daitezke, 15 euroan.
Gure Zirkua muntatzen, astelehenean, Olaberrian. Hitza Gure Zirkuak bederatzigarren bira hasiko du Olaberrian asteburu honetan. 11 emanaldi eskainiko dituzte apirilaren 25etik maiatzaren 9ra bitartean. Karpa muntaian ari dira zirkuko lan taldea astelehenetik, eta gaur bukatuko dutela adierazi du Iker Galartzak, Gure Zirkuaren sortzaileak, eta ikuskizuneko pailazoak.
Olaberriko Arrieta jatetxe pareko aparkalekua leku «zoragarria» iruditzen zaio zirkua jartzeko Galartzari: «Gure Zirkua jartzeko apropos pentsatuta dagoela ematen du, edo zirkua bertan jarrita geratzeko».
Entseguak ostegunean eta ostiralean egingo dituzte. Horietan emanaldiaren inguruko azken erabakiak hartzen dituztela adierazi du Gure Zirkuko pailazoak. «Artista batek besoan mina badauka, entsegu orokorrean erabakitzen dugu emanaldian aldaketak egin behar ditugun ala ez». Hasieratik hona ezustekoei aurre egiten ikasi dutela dio Galartzak.
Bederatzigarren birarako herri guztiak ez dauzkate oraindik «Olaberritik Oñatira joango gara, eta gero Bizkaia aldean mugitzen ibiliko gara abuztura arte».
Hemezortzi lagunek osatzen dute Gure Zirkuko lan taldea: «Hamabi artista, hiru teknikari, bi musikari eta abeslari bat». Beñat Maiz beasaindarrak bertan parte hartuko du.
Zirkua egonkortzen
Gure Zirkua hitz batean laburbiltzeko «konpromisoa» hitza aukeratuko luke Galartzak. Hasieratik zen beraien asmoa Euskal Herrian eskaintza kultural bat gehiago izatera heltzea. Gaineratu duenez, «5 urtean 1.000 emanalditik gora eginda joateak eta 9. bira hastear egoteak erakusten du ez ginela etorri udara bateko bira bat egitera». Lehen bira 4 hilabetekoa egin zutela, eta orain 8 hilabetekoa egiten dutela baloratu du zirkuko pailazoak.
«5 urtean mila emanalditik gora eginda izateak eta 9. bira hastear egoteak erakusten du ez ginela etorri udara bateko bira bat egitera»
«Gustatzen zaigunari eutsi behar diogu, ez dakigulako etorkizunean zer gertatuko den»
Iker Galartza. Gure Zirkuaren sortzailea
«Egonkortze prozesu» batean daude Gure Zirkukoak Galartzaren esanetan: «Urteetan zehar sari batzuk eman dizkigute, baina ez gara harrotu. Hankak lurrean mantendu eta lanean jarraitu dugu». Pailazoak argi du jendeak sarrera bat ordaindu duela, eta ikustea espero duen emanaldia eskaini beharra dutela.
Zirkua, bizi-estilo
Eurek umeak zirkuarekin hazi direla aitortu du Galartzak, «hasieran beti inguruan ibiltzen zirelako txorakeriaren bat edo beste egitera ateratzen genituen, eta barregarri gelditzen zen». Handitu direnean, ordea, «sekulako» ikuskizunak egiten dituztela aitortu du. Pailazoak gehitu duenez, beraien haurrek umetan, eurek egiten zutena errepikatzeko joera zeukaten: «Zirkuan leku guztietan bezala gauzek hoberen modu naturalean funtzionatzen dute».
Momentu honetan zirkuarekin disfrutatu nahi du Galartzak: «Gustatzen zaigunari eutsi behar diogu, ez dakigulako etorkizunean zer gertatuko den».

Gure Zirkua Olaberrian
11 emanaldi
- Apirilak 25. 18:00etan.
- Apirilak 26. 12:00etan eta 18:00etan.
- Apirilak 30. 19:00etan.
- Maiatzak 1. 12:00etan eta 18:00etan.
- Maiatzak 2. 18:00etan.
- Maiatzak 3. 12:00etan eta 18:00etan.
- Maiatzak 8. 19:00etan.
- Maiatzak 9. 12:00etan.
Sarrerak
- Webgunea. www.gurezirkua.eus atarian, 15 euroan.













