Irisgarritasuna hobetzeko aurreproiektua, Itsasondon
Zenbait etxebizitzetan igogailuak jartzeko aurreproiektua garatu du udalak. Sei aurreproiektu egin dira, Kale nagusian, Goiko kalean zein Beko kalean. Horiek aurkeztu dizkie bertako bizilagunei apirilean zehar.
Bizilagunekin egindako bilera baten irudia. Hitza Itsasondoko Udalak Kale Nagusiko, Goiko kaleko eta Beko kaleko zenbait eraikinetan igogailua jartzeko aurreproiektuak landu berri ditu, eta lanketa horren emaitzak erakusteko bilerak antolatu ditu apirilean zehar eraikin bakoitzeko bizilagunekin.
Udalaren arabera, azkenaldian egindako azterketek, tartean GISLANek egindako diagnosiak, agerian utzi dute udalerriak bizi duen errealitatea: irisgarritasuna, bai etxebizitzetakoa bai herri mailakoa, «oztopo nagusietako bat» dela gaur egun bertako bizilagun askorentzat. «Ez da arazo isolatua, eguneroko bizitza baldintzatzen duen erronka estrukturala da, bereziki adinekoen eta mugikortasun urriko pertsonen kasuan», dio Erkuden Mendizabal zinegotziak.
Aspaldiko beharra
Hausnarketa ez da «kasualitatez» sortu. Antza, ongizate batzordean aspalditik ari ziren gaiari «arretaz» begiratzen, herritarren «beharrei erantzunez» eta etorkizunari begira «ikuspegi integral bat» lantzen. Hain justu, 2025eko urtea «gakoa» izan zen gaiari Hirigintza batzordearekin batera heldu eta lanketa abiatzeko: parte-hartze prozesuak, herritarren galdetegiak eta diagnosi teknikoak uztartu dituzte ordutik.
«[Igogailuarena] ez da arazo isolatua, eguneroko bizitza baldintzatzen duen erronka estrukturala da, bereziki adinekoen eta mugikortasun urriko pertsonen kasuan»
«Beharrezkoak dira etxebizitza mota ezberdinak, irisgarritasun irizpideak eta bizi-kalitatea erdigunean jartzea»
Erkuden Mendizabal. Itsasondoko zinegotzia
Bide horretan, «lehen urrats sendoa» egin berri du Itsasondoko Udalak: etxebizitzaren igogailua jartzeko aurreproiektuak lantzea. Sei aurreproiektu egin ditu denera, bizilagunek «erabakiak hartzeko bidea errazagoa» izan dadin. Udalaren onespena dute aurreproiektuek, udaleko arkitektoaren oniritzia ere jasoa baitute eta horrek, obrak martxan jartzeko unean, prozesua «arinduko» lukeela dio, «epeak laburtuz eta pausuak azkartuz».
Bi irizpide oinarrian
Irizpide batzuen barruan garatu diren aurreproiektuak direla azpimarratu du: «Irizpide zehatz batzuk ezarri dira, baliabideak modu eraginkorrean bideratzeko eta benetako beharrei
erantzuteko». Bide horretan, lehentasuna eman zaie bizilagunen artean adin jakin batetik gorako pertsonak dituzten atariei eta gutxienez sei etxebizitza dituzten eraikinei.
Irizpide horiek ez dituzte «kasualitatez» aukeratu. Kontrara, irisgarritasun arazoek «gehien eragiten dieten kolektiboetara heltzea» bilatu dute, eta baita esku-hartzeek «eragin sozial handiagoa izan dezaten bermatzea».
Gaur egun Itsasondoko etxebizitza parkea neurri handi batean «zaharkitua» dagoela gaineratu du, eta beraz, bide horretan ere, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko «apustu garbia» dela dio aurreproiektuak lantzearena: «Egokitzapen sakonak eskatzen ditu horrek; irisgarritasuna bermatzea ez da luxu bat, oinarrizko eskubidea baizik».
Etxebizitza hutsak
GISLANek egindako azterketek ere agerian utzi duten beste alor bat izan da etxebizitza hutsen kopurua «oso mugatua» dela Itsasondon, eta beharrezkoa dela, bide horretan, eskaintza berriak aztertzea.
Herritarrei egindako inkestek, gainera, datu esanguratsuak utzi dituztela ziurtatu du Mendizabalek: «Askok epe laburrean etxebizitza aldatzeko asmoa dute, gazteek emantzipatzeko gogoa agertu dute, eta garrantzitsuena, gehiengoak herrian jarraitzeko gogoa du». Amaitzeko, etorkizunerako norabidea «argia» dela azpimarratu du Mendizabalek, eta horren guztiaren ezaugarritzea egin du: «Beharrezkoak dira etxebizitza mota ezberdinak, irisgarritasun irizpideak eta bizi-kalitatea erdigunean jartzea».













