Liburuaren egunak elkarturik
Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazioarteko Eguna da bihar, apirilaren 23a. Askotariko ekintzak egingo dituzte Goierriko herrietan.
Legorretako liburutegiaren irudia.Hitza Apirilaren 23a, Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazioarteko Eguna izendatu zuen UNESCOk 1995. urtean, data horretan hil baitziren William Shakespeare, Miguel Cervantes, eta Inca Garcilaso de la Vega. 1996tik gero eta herri gehiago dira irakurketa, liburugintza eta jabetza intelektualaren babesa sustatzen dutenak, ekintza bereziak antolatuta.
Liburu truke-azoka
Liburu egunaren harira, Seguran, bigarren eskuko liburu truke-azoka egingo dute ostiralean. Irakurzaletasuna sustatu eta liburuak berrerabiltzea dute helburu. Eskolan eta liburutegian utzi daitezke liburuak; eskolan gaur eta liburutegian, hilaren 23ra bitartean, 16:00etatik 19:00etara. Egoera onean dauden liburuak soilik jasoko dituzte; edozein hizkuntzatan idatzitakoak. Entziklopediarik eta aldizkaririk ez dute jasoko. Utzitako liburu bakoitzeko txartel kopuru bat jasoko dute herritarrek: haur liburuko (11 urte arte) txartel 1, nerabe liburuko (12-17), 2 txartel eta helduen liburuko (18 urtetik gora) 3 txartel. Txartelik ez dutenek ere liburua hartzeko aukera izango dute. Kasu horretan, txartel baten balioa, euro batekoa izango da.
Liburuaren astea
Ormaiztegin liburuaren astea ospatuko dute gaurtik 29ra bitartean. Gaur, 17:00etan, liburutegian, haur eta familia arteko ipuin kontaketa izango da. Bihar, San Andres herri ekoslan, ikasleen arteko ipuin kontaketak egingo dituzte. Ostiralean, Lo Nuestro liburua aurkeztuko du Maite. R. Otxotorena idazle ormaiztegiarrak 19:00etan, gizarte etxean.
Apirilaren 28an, literatura solasaldia egingo dute Ane Zubeldiaren Kontra liburuaren inguruan, Miriam Lukik gidatuta. Eta apirilaren 29an, azkenik, Amelie taldearekin, ipuin kontaketa saioa izango da 4 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat.
Liburuak zozketan
Ormaiztegin liburuak zozkatuko dituzte astean zehar antolatutako ekintzetara joaten direnen artean.
Legorretan ere, liburuak zozkatuko dituzte, apirilaren 23ra bitartean liburutegian liburuak maileguan hartzen dituzten erabiltzaileen artean.
Ipuin kontaketak
Ipuin kontaketak ere antolatu dituzte hainbat herritan, Liburu egunarekin lotuta. Bihar, Legorretan, Aitor Vinagretek Ardi batek kontatutako ipuinak ipuin kontaketa saio berezia egingo du 17:30ean, liburutegian, 4 urtetik gorakoentzat. Legorretako Udalak ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Beasainen, bihar, Loinazko San Martin Plazan, 16:45ean, familia osoarentzat antolatu dute Tren irudizkoaren abentura ipuin kontaketa saio berezia. Euskara irakurketaren bidaia egingo dute.
Ataunen, ostiralean egingo ditu ipuin kontaketak Oihana Etxegibelek, udaletxeko batzar aretoan. 16:30ean, 3-5 urte bitartekoentzat; 17:00etan, 6 urtetik gorakoentzat.
Legazpin
Legazpin ere egitarau zabala antolatu dute. Gaur, 17:30ean, Amaia Elizagoienek, ipuin kontaketa egingo du, liburutegian, 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta. Bihar, berriz, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, herriko hainbat idazlek mahaia jarriko dute Kale Nagusian.
Eta apirilaren 29an, 18:00etan, Como si todo hubiera pasado liburuaren inguruko solasaldia egingo dute, gaztelerazko irakurketa klubaren barruan, Monica Leivak gidatuta.













