Udalerri txikiek hirigintza-plangintzan aurrera egiteko diru-laguntza lerroa zabaldu du aldundiak
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak %10 handitu du zazpi mila biztanletik beherako udalerriei zuzendutako laguntza. Ataunek eta Mutiloak jaso dute laguntza 2025ean.
Martin Aramendi Ataungo alkatea, Azahara Dominguez diputatua, Haritz Alberdi Getariako eta departamenduko teknikari bat. GFA Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak “indartu egin du udalerri txikiekiko konpromisoa”, eta % 10 handitu du zazpi mial biztanle baino gutxiago dituzten udalerriek beren hirigintza-plangintzan aurrera egin dezaten bideratutako laguntza-lerroa, “iraunkortasuna, hiri-berroneratzea edo klima-aldaketa bezalako erronka garrantzitsuak kontuan har ditzaten, besteak beste, udal-plangintzan”. Azahara Dominguez diputatuak agerraldia egin du gaur Martin Aramendi Ataungo alkatearekin eta Haritz Alberdi Getariakoarekin.
Dominguezek azaldu duenez, laguntza horiek udalerri horiek beren gain hartu behar duten hirigintza-dokumentua idazteko gastuen zati bat estaltzen dute. Udalerriek ekitaldian eragindako gastuen % 50 lor dezakete gehienez. Ehuneko hori % 75era igotzen da 2.500 biztanletik beherako udalerrien kasuan, eta % 90era 500 biztanletik beherako udalerrien kasuan. Nolanahi ere, ezarritako gehieneko muga 30.000 eurokoa izango da.
“Helburua da herri guztiek, dimentsioa kontuan hartu gabe, etorkizuneko ikuspegidun hiri-garapena planifikatzeko beharrezko baliabideak izatea”
Azahara Dominguez. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua
“Helburua da herri guztiek, dimentsioa kontuan hartu gabe, etorkizuneko ikuspegidun hiri-garapena planifikatzeko beharrezko baliabideak izatea. Hirigintza-eredu inklusiboak, iraunkorrak eta ingurunea errespetatzen dutenak sustatzea beharrezkoa da, herritarren bizi-kalitatea modu ukigarrian hobetzeko gai direnak”. Era berean, Dominguezek gogorarazi du udalerri horietako askok ez dutela plangintza-prozesu konplexuei beren kabuz ekiteko baliabide tekniko edo ekonomiko nahikorik, eta horrek ekimen estrategikoak bultzatzeko gaitasuna mugatu dezakeela.
Hamar herri onuradunen artean, Goierriko bi
Diputatuak azaldu du, laguntza horrek “babes handia” jaso duela legegintzaldi honetan, eta laguntza horren zenbatekoa ia % 40 handitu dela. Horri esker, 2024an zazpi udalerrik jaso ahal izan zuten diru-laguntza hori, baina iaz hamar izan ziren onuradunak, eta aurkeztutako eskaera guztiei erantzun zitzaien. Alkiza, Altzaga, Ataun, Baliarrain, Getaria, Larraul, Lizartza, Mutiloa, Orio eta Orexa dira laguntza hori jaso dutenak.
“Herri txikia gara biztanlez, baina handia hedaduraz, eta HAPOa berritzea inbertsio oso handia da guretzat, guztira 300.000 inguru kostatuko litzaiguke”
Martin Aramendi. Ataungo alkatea
Martin Aramendi alkateak Ataungo egoeraren berri eman du: “Ataunek 2005ean onartutako plangintza zeukan indarrean, eta aurreko legealdian ohartu ginen zaharkituta zegoela eta ezinbestekoa genuela arau horiek berritzea. Herri txikia gara biztanlez, baina handia hedaduraz, eta HAPOa berritzea inbertsio oso handia da guretzat, guztira 300.000 inguru kostatuko litzaiguke. Hori dela eta, behar-beharrezkoa dugu Foru Aldundiaren laguntza. Bestela, ezingo genuke pare bat urtetan bestelako inbertsiorik egin”, gehitu du.
Interesa duten udalek hilabeteko epea izango dute gaurtik aurrera eskabideak aurkezteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan sartuz.













