Lazkaoko Ikastolak piztuko du festetako suziria
Bihar hasi eta maiatzaren 1era arte izango dira jaiak Lazkaon. Lazkaoko Ikastolak Kilometroek jaiko abestia aurkeztu eta tonbola jarriko du.
Iazko jaietako txupinazoa, jaien aurreneko egunean.Aimar Maiz San Prudentzio jaiak hasiko dira ostiralean, eta maiatzaren 1era bitartean, festan murgilduko dira lazkaotarrak. Jaien hasierako suziria Lazkaoko Ikastolak jaurtiko du, 18:30ean. Kilometroak ospakizunari «errekonozimendu publikoa» egin nahi zaio 50. aldiarengatik, Xeber Maizak, Kilometroak jaiaren koordinatzaileak adierazi duenez. Jaiak hasi baino ordu batzuk lehenago 2026ko Ikastolen aldeko jaiaren «abestiaren» bideoklipa aurkeztuko dute.
Lazkaotarrek Ikastola aukeratu dute jaietako txupinazoa zeinek botako erabakitzeko egindako bozketan. Horrek, «harrotasun» puntu bat ematen diela aitortu du Maizak: «Kilometroak-ekin eta Ikastolarekin ‘inplikatuta’ ikusten dutelako herria». Herritarren artean egindako bozketan 1.136 boto lortu zituzten, boto guztien %60a.
Kilometroak festen parte
Urriaren 4an Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia Lazkaon ospatuko denez, herriko jaietan Ikastolak «presentzia» izango duela adierazi du Maizak. Ekimen desberdinak antolatu dituzte jaietarako. Adibidez, Kilometroetako tonbola jarriko dute Lazkaoko jaietako mozorro egunean, larunbatean, 11:00etatik 00:00etara. Malantza tabernaren alboan jarriko dutela aurreratu du Maizak, eta bere ustez «sari asko» daude «giro ona» jartzen lagunduko dutenak: «Sari batzuk interesgarriak izango dira, eta beste batzuk barregarriak».
Hasieran tonbola antolatzeko zalantzak zituzten Maizak aitortu duenez, baina taldetxo bat ekimen hori aurrera ateratzeko «buru-belarri» lanean ari da. Hasieran sariak bilatzea «kostako» zitzaiela, edo beraiek «erosi» beharko zituztela uste bazuten ere, azkenean uste baino hobeto joan zaiela adierazi du Kilometroetako koordinatzaileak: «Sekulako erantzuna jaso dugu Lazkao, Goierri eta Gipuzkoa mailako enpresa eta komertzioen aldetik». Aurten, lau tonbola jartzeko asmoa daukate: Lazkaokoaz gain, Beasaingo, Ordiziako jaietan eta Kilometroak egunean bertan.
Afariak
Urtero bezala Ikastolak afariak eskainiko ditu San Prudentzio eraikineko jolastoki estalian apirilaren 24, 25, 28, 29 eta 30ean, 20:00etatik aurrera. Baita ere, Ikastolak txosna batzordearekin elkarlanean Kilmetroetako kantu-poteoa antolatu du, apirilaren 28an, 19:00etan.
Ikastolak urtero ikasleen eskulanen erakusketa jartzen du herriko festetan, aurten «berezitasun» bat egongo dela adierazi du Kilometroetako koordinatzaileak, «Kilometroaken 50. edizioko ibilbidearen erakusketa egongo da ikusgai», apirilaren 26tik 28ra, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 18:30era.
Kantujira
Bestalde, Kantujiraren X. urteurrena ospatuko du Lazkaoko Ikastolak ostiralean, 11:00etan. Ekitaldi hori aprobetxatuz Kilometroetako abestiaren bideoklipa aurkeztuko dute. Maizak esan duenez, Lazkaoko jaien hasiera aprobetxatu nahi dute «festa giroko» kantu bat egin dutelako, eta iruditzen zitzaielako festetan bere «lekua» izan zezakeela.
Txupinaren jaurtiketaren unean bideoklipa proiektatuko badute ere, lehen aldiz kantujiran aurkeztuko dute. Abestia Xabier Zabala zarauztarrak konposatu, eta Amaia Agirre billabonarrak letra idatzi du. Maizak gaineratu duenez, «abeslari batek bakarrik kantatu baino nahiago izan dugu jende desberdinak kantatzea».
Era horretan, «sorpresak» egongo direla ere aurreratu du. Ikastolarekin eta Kilometroekin «lotura» izan duten abeslariek hartu dute parte, eta «komunitateko jendeak» ere presentzia handia dutela aurreratu du, «ikasle, irakasle eta gurasoek».
Kantujira euskal kanten transmisioa egiteko asmoz hasi ziren ostiraletan egiten, eta urteen poderioz «bolumena» hartzen joan dela nabarmendu du Maizak: «Ikasleen gurasoak eta aitona-amonak, Maizpide Euskaltegikoak, Garagunetik ere etortzen dira… Bilakaera hori polita izan da». Josu Txapartegi Txapas, Porrotx, Maider Zabalegi, Jon Urdangarin, Kontxi Aizarna eta Iñaki Lasa gonbidatu bezala izango dira. Maizak dio Txapasek Zarauzko Ikastolan kantujira egitasmoa hasi zuela.
Autobus zerbitzua indartuko da Lazkaoko festetan
Apirilaren 24an, 25ean eta 30ean, autobus bereziek Lazkao inguruko hainbat herrirekin lotuko dute, hala nola Ordizia, Beasain eta Ataunekin, baita udalerri barruko geltokiekin ere. 24an eta 25ean zerbitzua eskainiko da, bai iluntzean, bai gauez; 30ean, berriz, gaueko zerbitzua baino ez da egongo.
Errefortzu autobusak iluntzean 20:00etan, 20:45ean eta 21:45ean irtengo dira Ordiziatik Lazkaorako noranzkoan. Ataundik, berriz, 21:20ean eta 22:20ean irtengo dira. Gaueko zerbitzua ere egongo da «itzulera errazteko», Lazkaoko Udalak adierazi duenez. Ostiralean, apirilak 24an autobusak Ordiziarako noranzkoan 02:00etan eta 03:00etan egongo dira. Ataungo noranzkoan, berriz, 02:30ean.
Gaueko autobusak larunbatean, apirilaren 25ean, Ordiziarako noranzkoan 02:00etan, 03:00etan, 04:00etan eta 05:00etan irtengo dira, eta Ataungo noranzkoan 02:30ean, 03:30ean eta 04:30ean.
Apirilaren 30ean gauean autobusak Ordiziarako noranzkoan 02:00etan, 03:00etan eta 04:00etan egongo dira, eta Ataungo noranzkoan 02:30ean eta 03:30ean.













