Haurrei eta nerabeei musikoterapiak egin diezaiekeen onuraz hitzaldia
Eli Gordoa musikari eta musikoterapeutak egingo du astelehenean, Legazpiko Kultur Etxean. Gurasoei eta osasun eta hezkuntza alorreko profesionalei dago zuzenduta bereziki.
Musikoterapia haur eta nerabeetan izenburupean, hitzaldia egingo du Eli Gordoa musikoterapeuta eta musikari legazpiarrak Legazpin astelehenean, hilak 27. Kultur Etxean izango da, 18:30ean, gaztelaniaz.
Musikoterapiak garapen biopsikosozialean izan ditzakeen onurak azaldu ditu Gordoak, eta aurreratu duenez, haur eta nerabeen garapen emozionala, soziala eta kognitiboa nola sustatzen duen azalduko die partaideei. Musikoterapiak hezkuntzan izan ditzakeen aplikazioen berri ere emango die, besteak beste, ikaste prozesuan, ongizatean eta bizikidetzan eragiten dituen hobekuntzak azalduz. Azkenik, kasu errealen adibideak ere emango ditu.
Hitzaldi hau gurasoei eta hezkuntza eta osasun arloko profesionalei zuzenduta dago bereziki, baita gaian interesa duen edonori ere.













