II. Periazoka, arrakastatsua
Gaintzako Periazokako lantaldeak bilera izan du gaur, joan zen apirilaren 19an egindako II. Periazokaren balorazioa egiteko.
Gaintzako II. Periazoka, apirilaren 19an.Loinaz Agirre. Gaintzako Periazokako lantaldeak bilera izan du gaur, joan zen apirilaren 19an egindako II. Periazokaren balorazioa egiteko. Honela dio balorazio oharrak hitzez hitz:
“Apirilaren 19ko Periazokako bigarren ekitaldi arrakastatsuaren ondorenak aztertuta, gure hausnarketa eta erabakiak zuenganatu nahi ditugu.
Esan bezala bigarren ekitaldia ere jendetsua eta arrakastatsua izan da, giro bikainean ekitaldi guztiak arazorik gabe bete ahal izan genituelarik.
Guzti hau ez zen posible izango urtean zehar lanean aritu den Periazokako Lan Taldearen ekarpenik gabe, beraz ezer baino lehen eskerrak modu batera edo bestera bertan parte hartu duzuen herritarrei, Gaintzari urteroko egutegian egun eder bat eskaintzeagatik.
Horrez gain, herritarren parte hartzea ere azpimarratzekoa da, auzolanaren bitartez ezinezkoa dirudiena egingarri eta atsegina bihurtzen dugulako.
28 ekoizle eta artisau izan dira gure artean, iaz baino zapi gehiago, eta iazkoan bezala, denek azpimarratu digute antolakuntza maila eta izan dituzten salmenten kopurua. Oso gustura geratzeaz gain, datorren urterako plaza eskatzen geratu dira denak.
Egitasmoaren balorazio onarekin batera, gure lan egiteko eran helburutzat hartu dugu hasieratik ekimenaren autofinantzaketa, eta bazkaria prestatzen eta mokadutxoak banatzen egindako lanari esker lortu dugula esatera gatoz. Ondorioz, Udalean aurkeztu genuen diru eskaeraren beharrik ez dugula izango jakinarazten dizuegu, 2.000 eurotik gorako aurrekontua estaltzea lortu dugunez, egun borobila pasatzeaz gain, inolako kosturik gabe atera da.
Auzolan honetan ere Udalak izan duen parte hartzea eskertuz eta hurrengoetarako ere denen elkarlana izango dugulakoan, datorren urtekoari begira jartze gara. Mila esker denoi”.













