Euskal dantzaz eta musikaz bete da Legazpi
Legazpiko Korosti eta Sustraiak, Beasaingo Aurtzaka, Gabiriako Goruntz, Antzuolako Oinarin, Abadiñoko Talde Batuak, Iruñeko Oberena, eta Lizarrako Larraiza dantza-taldeak elkartu dira.
Legazpiko Oin Puntetan Asteburuaren baitan, Haurrak Oin puntetan dantzari txikien topaketa egin dute, herriko Korosti dantza taldeak antolatuta. Hego Euskal Herriko zortzi talde elkartu dira: Legazpiko Korosti eta Sustraiak, Beasaingo Aurtzaka, Gabiriako Goruntz, Antzuolako Oinarin, Abadiñoko Talde Batuak, Iruñeko Oberena, eta Lizarrako Larraiza.
Dantzariak 11:00etan elkartu dira Laubiden, eta hamaiketakoa egin ondoren, kalejiran abiatu dira plazarantz 11:45ean. Han, 12:30ean elkartu eta dantza emanaldia egin dute guztiek batera. Legazpiko Goiz Deia txistulariak eta Nafarroako Doinuzar dultzaineroak arduratu dira musika jartzeaz. Eguraldiak lagunduta, jendetza bildu da dantzariak ikustera eta giroaz gozatzera.













