Beasaingo I. Lore eta Landareen Azoka larunbatean izango da
10:00etatik 14:30era bederatzi ekoizleren postuak ezagutzeko aukera izango dute Erauskin plazara inguratzen direnek. Haurrentzako prentsaketa eta landaketa tailer bana eskainiko du Dekolore elkarteak.
Ezker-eskuin: Leire Artola alkatea, Juantxo Pollacino Dekoloreko presidentea eta Ane Egurtza merkataritza teknikaria.Laida Goiburu Beasaingo Udalak, Dekolore elkartearen laguntzarekin, I. Lore eta Landareen Azoka antolatu du larunbaterako, maiatzaren 2rako. Erauskin plazan Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako bederatzi ekoizlek postuak jarriko dituzte. Lore eta landare naturalak, kaktusak, fruta-arbolak, zuhaixkak, landare aromatikoak, barruko landareak, moztutako loreak, krasak, haziak edota lore lehorrekin egindako artisau produktuak egongo dira aukeran, Erauskin plazan, 10:00etatik 14:30era.
Goizetik eguerdira bitartean postuak ikusi eta erosteko aukera izango dute inguratzen direnek. Horrez gain, haurrentzako bi tailer eskainiko ditu Dekolore elkarteak: lore prentsatuekin orrialde markagailuak sortzeko tailerra 11:30etik 12:30era eta landare bat birlandatzen ikasteko tailerra 12:30etik 13:30era, Erauskin plazako eszenatokian.
Leire Artola Beasaingo alkateak eta Juantxo Pollacino Dekoloreko presidenteak aurkeztu dute azokaren lehen edizioa Beasaingo udaletxeko batzar aretoan. Alkatearen hitzetan, udalaren “apustu estrategikoaren ibilbidean kokatzen den ekimena” da azoka, azokak sendotzeko lanketa “beste sektore batzuetara zabaldu nahi” dutelako. “Helburu argiak ditugu: batetik, ekoizleen lana balioan jarri nahi dugu; eta bestetik, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzen hori sustatu nahi dugu eta betiere gertuko produktua kontsumitzea ahalbidetu nahi dugu”, azaldu du.
Pollacinok Dekolore elkartearen lanaren berri eman du. Elkarteak urteak daramatza lore eta landare azokak antolatzen, batez ere Donostialdean. Haren helburuak “horrelako azokak bizirik eustea, azoken zabalkundean laguntzea eta elkarteko kideen lanaren dibertsifikazioa lortzeko lanean jardutea” dira. Azokekin batera, Beasainen egingo duten bezala, tailerrak antolatzen dituzte, herritarrak landareen mundura gerturatzeko. Eskerrak eman dizkio Pollacinok udalari elkartearen izenean, “partaide diren familia ustiategi txikien ekonomian garrantzi handikoak direlako azokak eta aukera ematen dutelako produzitzen duguna jendaurrean aurkezteko”.
Herritarrak gonbidatu dituzte larunbatean Beasaingo I. Lore eta Landareen Azokan parte hartzera. “Dimentsio soziala, ekonomikoa eta hezitzailea uztartzen ditu”, aldarrikatu du alkateak. “Gozatzeko espazioa izango da, baina aldi berean landareen munduko ezagutza zabaltzeko aukera izango da”.
Bederatzi ekoizle
Beasaingo I. Lore eta Landareen Azokan parte hartuko duten ekoizleak:
- El Montañes (Tafalla, Nafarroa): denboraldiko landareak, zuhaixka ornamentalak, fruta-arbolak, arrosa-landareak, landare aromatikoak…
- Ortuberri (Iurreta, Bizkaia): Landare ornamentalak, denboraldikoak, barrukoak, zuhaixkak, moztutako loreak…
- Lore Prentsatua (Donostia, Gipuzkoa): Artisautza produktuak prentsatutako loreekin.
- Hazi Ekologikoak (Lasarte, Gipuzkoa): Erabilera tradizionaleko eta kozinatzeko haziak eta belarrak.
- Tissus Artisautza (Atxondo, Bizkaia): Elementu naturalekin egindako artisautza produktuak.
- Islaya (Oiartzun, Gipuzkoa): Krasa landareak, kaktusak.
- Mintaka Landareak (Oiartzun, Gipuzkoa): Krasa landareak, kaktusak.
- Sojo Natura (Lekunberri, Nafarroa): Kosmetika naturaleko artisautza produktuak.
- Sara Letamendia (Aizarna, Gipuzkoa): Kosmetika naturaleko artisautza produktuak.













