Jai giroko asteburua Beko Barrioan, Santakutz egunaren aitzakian
Jabier Ormazabalen omenezko 52. txirrindulari lasterketak irekiko du ospakizuna larunbatean. Igandean, auzo bazkariarekin amaituko dute ospakizuna.
Segurako Beko Barrioan Santakutz eguneko ospakizuna egingo dute asteburuan. Maiatzaren 2an, larunbata, Jabier Ormazabalen omenezko 52. txirrindulari lasterketa jokatuko dute kadeteen mailan. Maiatzaren 3an, igandea, auzoan hildakoen aldeko meza egingo dute Santakutz ermitan. Ondoren, hamaiketakoa eta toka txapelketa izango dira, udalaren laguntzarekin antolatuta eta amaitzeko, auzo bazkaria Zopajale elkartean.

Beko Barrioko bizilagunak Santakuntz eguneko ospakizunean. JOSEBA TELLERIA
Segurako txirrindulari Elkarteak antolatuko du lasterketa, aurtengo hirugarrena. Kadete mailako ziklistak elkartu ditu Santakutz egunaren bueltan urtero egin ohi duten lasterketak. Germanenean hasi eta amaituko da proba.
Ia 60 kilometroko ibilbidea
16:00etan emango diote hasiera lasterketari larunbatean. Guztira, 58,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Aurreikuspenen arabera, 17:40 aldera amaituko da.
Ibilbideari dagokionez, Seguratik Zegamara joan-etorria egingo dute txirrindulariek lasterketaren hasieran, ondoren Iurre aldera joango dira eta bertatik Ormaiztegira. Gabiriako bide berritik joan eta zaharretik itzuliko dira berriz Ormaiztegira eta bertatik berriz ere Segurara. Lasterketaren bigarren zatia gogorragoa izango da, berriz ere Iurretik barrena Ormaiztegira joko du pelotoiak eta azken kilometroetan Liernia eta Zerain igo beharko dituzte parte hartzaileek. Lierniko mendatea helmugatik 11,5 kilometrora igaroko dute eta Zeraingoa 4,5era.
Segurako Txirrindulari Elkarteak proba hau egiteko 50 boluntario inguru beharko ditu. Lasterketa egunean bidegurutzeak zaintzeko prest dagoenak elkarteko kideengana jo beharko du. Elkarteak proba hau antolatzen laguntzen duen norbanako bakoitza, zein babesleak eskertu nahi izan ditu lerro hauen bitartez.















