Beasaindarrak, Mari noiz jaitsiko zain
Maiatzaren 15ean hasiko dira festak Beasainen, eta 24an amaituko dira. Barrakak maiatzaren 8an irekiko dituzte. Egitaraua aurkeztu dute.
Buruhandiak, azal lehiaketako irabazleak eta udal ordezkariak Loinazko San Martin plazako eskaileretan, festen egitaraua aurkezten.Laida Goiburu Beasaindarrak jarri dira Loinatz jaiei begira. Maiatzaren 15ean lehertuko da festa. Bederatzi eguneko jaien ondoren, maiatzaren 24an amaituko dira aurtengo jaiak, tartean egun bateko etenarekin. Udaletxeko sarrerako aretoan aurkeztu dute egitaraua udal ordezkariek eta azal lehiaketako irabazleek. “Tradizioa eta berrikuntza uztartu” nahi izan ditu udalak egitaraua osatzerakoan.
Maiatzaren 8an jada barrakak irekiko dituzte eta maiatzaren 14an Txozna Batzordeak pintxo lehiaketa eta kontzertuak antolatu ditu, baina jaien lehen eguna maiatzaren 15a izango da. 18:00etan danbatekoa botata hasiko dira ofizialki festak. Aurten La Salle ikastetxeak izango du pregoia irakurtzeko ardura. Baina Leire Artola alkateak adierazi bezala, “jaietako bihotza” den Mariren jaitsiera izango da festei hasiera emateko ekitaldi nagusia, gauean, 22:30ean. Aurten ere Beasaingo Udalaren YouTube kanalean ikusteko aukera izango da.
Adin tarte guztietako pertsonentzako egitaraua prestatu dute: “Herriaren nortasuna aldarrikatu eta berrikuntza eta sormenari bide emanez”, azaldu du Artolak. “Gure asmoa da belaunaldiartekotasuna sustatzea eta adin guztietako jendea ekintzetan egotea”.
Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak eman ditu egitarauaren xehetasunak. Iazko jaien ondoren herritarrekin balorazio bilera egin zuen udalak, eta galdetegi bat prestatu zuen herritarrek haien ekarpenak egin zitzaten. Horren bidez bi ondorio atera zituen udalak: parte hartu zuten herritarrek kaleko giroa sustatzea eta festak direla kalean ikusaraztea, eta adin tarte guztientzako proposamena egitarauan txertatzea eskatu zuten. “Eskaera hori eta udalaren asmoa den tradizioa eta berrikuntza uztartzea bateragarri egin nahi izan ditugu, eta modu horretan aurtengo egitarau hau atera da”, azaldu du kultur teknikariak.
360 graduko bideoak
Berrikuntza arloan, aurten lehen aldiz 360 graduko bideoak egiteko aukera izango da kuadrilla egunean. Horretarako tramankulua Zubimusu plazan jarriko dute. Horrez gain, berrikuntza gisa Holi Fest bat proposatu du udalak egitarauan mozorro egunerako Iturralde plazan. Iazkoari jarraika, aurten ere dron erakustaldia izango da hilaren 17an.
Tradizioari lotuta, San Martingo erromeria, prozesioa, danborradak, txistor jana, sukaldaritza lehiaketa edota soka dantzak aipatu ditu Gomez de Segurak. Kirol arloan ere ez dira ekintzak faltako –eskuz binakako pilota partidak, emakumezkoen pala txapelketa, xake txapelketa, herri kirol jaialdia…–, ezta herri giroa pizteko ekitaldiak ere –bertsolaritza saioa, esna deiak, txarangak, elektrotxarangak, joaldunak, dantza topaketa…–: “Herria dantzaz, kolorez eta pozez betetzea espero dugu”.
Kontzertuak hainbat gunetan
“Adin tarte guztiak bilduko dituen musika proposamenak” egin nahi izan ditu udalak. Maiatzaren 15ean Muxutruk ariko da Bideluzen, maiatzaren 16an Neomak eta I.C&HODI talde beasaindarra, maiatzaren 18an Zutik eta DJ Bull, maiatzaren 22an Pho-Bo talde beasaindarra eta Puro Relajo, eta maiatzaren 23an Maskak taldea. Musika emanaldiak beste gune batzuetan ere izango dira: hilaren 17an Rockalean Bideluzen aurrena eta Igartzako Monumentu Multzoan gero, edota hilaren 18an Zinema Paradise Erauskin plazan. Txoznetan ere hainbat kontzertu izango dira.
Puzgarriak, barrakak, erraldoi eta buruhandiak… jaien azken egunean Goierriko erraldoi eta buruhandien topaketa izango da Beasain, Ordizia, Segura, Lazkao, Idiazabal eta Legorretako taldeen parte hartzearekin.
Liburu zahar bat eta Mari boteretsu bat
Jaietako egitarauko azal lehiaketako irabazleak ere aurkeztu dituzte egitarauaren aurkezpenarekin batera. Haurren mailako lehiaketako kartel irabazlea La Salle ikastetxeko Yago Rodriguez, Danel Cuadrado, Unax Remirez eta Unai Aramburu ikasleek egindakoa izan da. “Liburu zahar bat” islatu nahi izan dutela azaldu dute: “Beasaingo historia kontatzeko, eta festetako elementu ezberdinak ikusten dira: Mariren jaitsiera, buruhandiak, txaranga…”.
Helduen lehiaketako kartel irabazlea, berriz, Loinaz Arizmendi Asla beasaindarrarena da. Lehen aldiz parte hartu eta irabazi egin du. Eskerrak eman dizkie bozka eman dioten guztiei. Mari da protagonista bere kartelean: “Mari boteretsu bat irudikatu nahi izan dut, beldurrik gabe doana sutara jaiei hasiera emateko, eta beste aldean ikusten da jendea jaiak hasteko prest”. Tipografia “sinplea” erabili du, “irudiari protagonismo hori ez kentzeko”. Adimen Artifizialarekin sortu zuen aurreneko irudi bat, eta hortik aldaketak egiten eta forma ematen joan zen, elementuak gehituz, “pixkanaka hori atera zen arte”.
Zapi horia, zapi zuria
Garai batean zapi zuria izaten zuen Beasainek, eta duela urte batzuk horiaren alde egin zuen udalak. Halere, zapi zuria eskatu dute herritar batzuek kuadrilla egunerako, eta eskaera horri erantzunez zapi zurien edizio bat atera dute aurten. “Nabarmendu nahi dugu udalaren nahia badela horiari indarra ematea, baina ulertzen dugu segun ze testuingurutan bata zein bestea erabiltzea egokia dela”.
Aurkezpena amaitu baino lehen, alkateak eskerrak eman dizkie jaiak posible egiten dituzten boluntario, elkarte eta taldeei, eta udaltzainen gomendioak jarraitzeko eskatu du: “Gizalegez jokatzeko eta banatzen gaituenari baino batzen gaituen horri lehentasuna emanez, denok festetan zentzuz, arduraz eta elkarrekiko errespetuz joka dezagun”.













