Jon Ander Fidalgo urretxuarrak 'Hainbat' liburua argitaratu du
Ipuinak, olerkiak eta hausnarketak jaso ditu bere lehen argitarapenean.
Jon Ander Fidalgo Mendizabal urretxuarrak Hainbat liburua idatzi du. Bertan, ipuinak, olerkiak eta hausnarketak uztartu ditu.
Fidalgok Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (Leinn) ikasi zuen Oñatin. «Enpresa ikasketen modukoa da, baina ekintzailetzara bideratuta», gogoratu du. Gaztea da oraindik, 1993an jaio zen, baina toki askotan lan egin du dagoeneko. «Bueltaka ibili naiz. Tolosako Arretxe tailerrean egin nituen praktikak. Handik Zaldibiako Logosera joan nintzen. Urtebete eman nuen bertan. Ondoren, Australiara joan nintzen eta urtebete eman nuen bertan. Australiatik Mexikora joan nintzen. Sei hilabete eman nituen beka batekin. Ondoren, Bartzelonara joan nintzen. 2020ko hasieran Bilbora joan nintzen eta ordutik bertan lan egiten dut. Gauza ezberdinak probatzea gustatzen zait. Batzuetan, gehiegi».
Bilbon komertzial lana egiten du. «Programazio ikastaro bat egitera joan nintzen Bilbora. Ondoren, programatzaile lanean hasi nintzen. Bi urte ordenagailuarekin hitz egiten eman eta gero, nagusiak pertsonekin hobeto moldatzen naizela esan zidan eta saltzera bidali ninduen. Enpresaren izena Mairu da. 25 lagun gara. Industria arloko enpresei digitalizazio zerbitzuak eskaintzen dizkiegu. Bilbon bizi naiz».
Bidaiatzeaz, lan ezberdinak ezagutzeaz, ordenagailuekin lan egiteaz eta saltzeaz gain, idaztea ere gustatzen zaio. Hala, bere lehen liburua argitaratu du. «Liburuak hiru zati ditu: lehenengoa sei ipuin motzek osatzen dute, bigarrena olerkiek (15 bat) eta hirugarrena hainbat gogoetek. 2024ko bukaeran aldaketa bat suertatu zen nire bizitzan eta idazten hasi nintzen, aurretik nuen ideia bat garatuz. Hasieran forma bat zuen, baina beste batekin bukatu du», azaldu du.
Ipuin bat izan zen idaztera bultzatu zuena. «Aspaldi ipuin baterako ideia izan nuen. Beti gustatu izan zait idaztea, niretzat: eguneroko moduan, nire hausnarketak… Ipuina idazten saiatu nintzen, baina ez nuen behar den pazientziarik. Duela bi urte dolu bat bizi izan nuen eta korrika egitera joaten nintzenean ideiak etortzen zitzaizkidan. Korrika egiteari utzi, apuntatu eta korrikan jarraitzen nuen. Nire asmoa hamar bat ipuin idaztea zen, baina ez nuen horretarako behar bezainbeste material. Izan ere, ideia asko errepikatu egiten ziren. Hori dela eta, ipuinak, olerkiak eta gogoetak uztartzea erabaki nuen».
Ipuinak, olerkiak eta gogoetak lotzeko asmoa zuen, baina batzuek eta besteek ez zuten elkarrekin zerikusirik. «Ipuin bakoitza olerki eta gogoeta batekin lotu nahi nuen, baina ez zuten loturarik. Hori dela eta, ipuinak, olerkiak eta gogoetak jarraian argitaratu ditut. Ipuinak estrukturatuta daude, olerkiak sormenezkoak dira eta ez dute filtrorik…», azaldu du.
Gai ezberdinak landu ditu. «Gai batzuk errepikatu egiten dira, baina beste batzuk ez. Guztiak 30 urte bete ditugunon egoerarekin lotuta daude. Nik ez dut oso ondo eraman 30 urte betetzea. Gauza asko ez daudela zure kontrolpean ikusten duzu, onartu dituzun zenbait gauza ez dira zuk espero bezalakoak, lortu dituzun hainbat ere ez… Krisi existentzial horretatik ideia batzuk atera dira, batzuk ipuin moduan eta beste batzuk olerki moduan».
Prozesu «polita» izan dela dio. «Idazten hasi nintzenean, gozamen hutsa izan zen. Ondoren, hamaika ipuin idaztea pentsatu nuen eta obligazio modukoa bilakatu zen. Inork ez zidala behartzen konturatu nintzen eta berriro gozatzea lortu nuen. Ipuinak idazten ari zarenean, Jainkoa izatera jolasten duzu: zuk erabakitzen duzu zer gertatu behar den, nori eta nola».
Liburua berak argitaratu du eta Bubok webgunean eskura daiteke. Oraingoz, ez du beste lanik eskuartean. «Huste prozesu baten emaitza izan da eta, oraingoz, horrekin listo. Etorkizunean, ikusiko da». 40 urte betetzen dituenean, beharbada?. «40 urte betetzen dituztenek kirola egiteari ekiten diotela esaten dute: maratoiak, padela… Beharbada galtzerdi edo zapatila marka bat sortu dudalako deituko dizut!», amaitu du umorez













