Udako aisialdi eskaintzaren izen ematea datorren astean irekiko da
Nerabeei, gazteei eta haurrei zuzendutako zerbitzuak eskainiko dira. Maiatzaren 4an irekiko da izen ematea. Hezitzaile lanpostuetarako deialdia ere zabaldu du Zegamako Udalak.
Udaleku irekiak Zegaman, artxiboko irudian.Zegamako Udala Zegamako Udalak udako aisialdi eskaintza prestatu du opor garairako herriko haur eta gazteei zuzenduta. Adinaren arabera, zerbitzu ezberdinak eskainiko dituzte, guztiak ekainaren 22tik uztailaren 30era bitartean. Izen ematea maiatzaren 4tik 8ra (biak barne) egongo da irekita liburutegian, eta epez kanpoko izena emateak ez dira onartuko.
Nerabeei zuzendutako zerbitzua Bele Gazte gaztelekuak eskainiko du. Astean bi egunetan antolatuko dituzte ekintzak, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Maiatzean zehar, gaztelekuko erabiltzaileekin batera adostuko dituzte udako ekintzak.
Udaleku irekien barruan, 2015 eta 2022 artean jaiotako haurrentzako zerbitzua eskainiko da; astelehenetik ostiralera eta bi ordutegi izango dira aukeran: 9:00etatik 13:00etara eta 10:00etatik 13:00etara. 4 orduko zerbitzuaren prezioa 85 eurokoa izango da eta hiru ordukoarena, 75 euro.
Udako haur txokoa ere izango da, 2023an jaitako haurrentzako. Matrikularen prezioa, izena ematen duten haur kopuruaren arabera kalkultatuko da.
Hezitzaileei deialdia
Udaleku irekietan eta Haur txokoan hezitzaile gisa lan egiteko deialdia luzatu du, bide batez, Zegamako Udalak. Hezitzaileen kontratazioa ekainaren 16rik uztailaren 30era bitartekoa izango da. Ezinbestekoa da ondoren irizpideak betetzea:
- 18 urtetik gorakoa izan edo 2026 urtean betetzea.
- Zegaman erroldatuta egotea.
- Langabezian egotea (ziurtagiria aurkeztu beharko da).
- C1 hizkuntza titulua edukitzea. Ez izatekotan, euskararen ezagutza eta erabilera maila izatea baloratuko da.
- Adingabekoekin lan egiteko aurrekari penalen ziurtagiria.
Aurretik aipatutako baldintzak betetzen dituztenen artean, aukeraketa ondorengo lehentasunen arabera egingo da:
- A taldea: Eusko Jaurlaritzak homologatutako aisialdiko zuzendari edo begirale titulua izatea.
Talde honetako baldintzekin behar diren hautagai kopurua beteko ez balitz, hurrengo taldekoak hartuko lirateke kontutan, hurrenez hurren.
- B taldea: hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo ikasketa horiek burutzeb aritzea.
- D taldea: hezkuntzarekin zerikusirik ez duten ikasketak izatea.
Hezitzaileentzako izen ematea maiatzaren 4tik 8ra egin beharko da udal liburutegian, 15:30etik 18:30era edo esteka honetan.
Aurkeztu beharrekoak: curriculuma, titulu eta agirien kopiak, langabezian egotearen ziurtagiria (Lanbide), adingabekoekin lan egiteko aurrekari penalen ziurtagiria, NANaren kopia eta osasun txartelaren kopia.
Aukeratuak izan diren hautagaien zerrenda maiatzaren 15ean jarriko da jendaurrean (14:00) udaletxean. Zozketa beharrezkoa izatekotan, maiatzaren 19an egingo da, 19:00etan udaletxean.













