Udaletxean itxialdia egiten ari dira San Jose egoitzako langileak
Grebaren 97. egunean, sektorean bizi duten prekaritatearekin amaitzeko aldarria udalera eraman dute Ordiziako San Jose egoitzako langileek. Zumarragan ere saiatu dira, baina ez dute lortu.
Ordiziako San Jose egoitzako langileen lan gatazkak 97 greba egun bete ditu gaur, eta grebako mobilizazioen baitan urrats bat gehiago egin berri dute: sektorean bizi duten prekaritatearekin amaitzeko aldarria udaletxera eraman dute, itxialdi baten bidez, eta bertan egongo dira ordezkaritza politikoek egoeraren gaineko “ardura” hartu arte. Zumaian eta Errenterian ere egin zituzten atzo mobilizazioak, eta Zumarragako Argixao egoitzako langileak gaur saiatu badira ere, ezin izan dute itxialdia burutu. 171. greba eguna dute gaur, eta grebalariek azaldu dute ez dutela udal gobernuaren babesik eduki.
Grebarekin jarraitzeko arrazoiak
Ana Merchan San Jose egoitzako ELAko delegatuak azaldu du grebara jo zutenetik egoerak bere horretan jarraitzen duela, eta diputazioak ez dituela esandakoak bete. Horregatik erabaki dute itxialdia egitea: “Pausu bat gehiago emateko momentua da”. Bide horretan, udal gobernuari ere ahaleginak egitea eskatu die: “Ordiziako egoitzako langileak gara eta gure aiton amonak zaintzen ditugu. Udaletxeak herritar guztion etxea izan behar du eta urgentzia politikoa beharrezkoa da”.
Pasa den astean lortu zuen ELAk patronalarekin negoziazio-mahai berria irekitzea, baina sindikatuak azaldu duenez, patronalek egoerari irtenbidea emateko borondate eza izaten jarraitzen dute: “Patronalek ez zuten prekarietatearekin amaituko lukeen kontratrazioari buruzko inongo neurririk ekarri”. Foru Aldundiak entzungor egin izana ere salatu du: “Negoziazio mahaian parte hartzeko deiari muzin eginda, Foru Aldundia ez da gai agindu zuen langileen prekarietate eta genero diskriminazioari aurre egingo dion lan hitzarmena mahai gainean jartzeko”.
Kalitatezko zaintzaren beharra
Sektoreko langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren lan kontratuak dituzte, eta partzialtasuna da nagusi. Hain justu, partzialtasun horrekin amaitzea eta lan kontratuak %100koak izatea eskatzen dute grebalariek, lan baldintza duinak lortzeko eta hartara, egoiliarrei kalitatezko zaintza emateko.
Gatazka honekin amaitzeko, Merchanek garbi du irtenbidea zein den: Diputazioak esku-hartzea. “Zerbitzu publiko bat da hau, enpresa pribatu batek kudeatzen duena, eta tartean gaude gu. Modelo horrekin amaitu dezaten nahi dugu, eta Gipuzkoako Erresidentzia guztietarako hitzarmen duina lortu”. Horretarako, soldataz gain, ratioen igoera bat ere bermatu beharko litzatekeela ziurtatu du: “Egoiliarrekin presaka aritzen gara; goizean jaikitzen direnetik ohera joan arte ordu eta erdiko zaintza zuzena izaten dute soilik. Guk gure egoiliarrak goxo zaindu nahi ditugu, baina horretarako denbora behar dugu, eta denborak, bere horretan, dirua eskatzen du, baina horretarako ez da inoiz dirurik jartzen”.
Egoerari aterabidea emateko gipuzkoar guztien elkarlana eskatu du: “Guk aitona amona gipuzkoarrak zaintzen ditugu; gustatzen zaigun lanbidea da, baina egoerari buelta ematen laguntzea funtsezkoa da. Zaintza negozio bihurtu dute, eta ezinezkoa da hori”.













