Idiazabal, gaztaren erakustokia
Maiatzaren 2an eta 3an ospatuko da 28. Gazta Azoka Idiazabalen. 30 postu izango dira guztira, denboraldiko gazta berri eta ezberdinak dastatzeko.
Gazta Azoka jendetsua, iaz, Idiazabalen.Laida Goiburu Maiatzaren 2an eta 3an, 28. Gazta Azoka egingo dute Idiazabalen, denboraldiko gazta berria dastatzeko lehen aukeretako bat eskainiz. Aurten ere, asteburu osoko egitaraua antolatu dute, gehienak urtero arrakastaz burutzen direnak; baina berrikuntzak ere iragarri dituzte. Azokaz gain, gazta dastaketa, mami eta gazta txapelketa herrikoiak, sukaldaritzako saioak, erakustaldiak eta adin guztietarako animazioa egongo dira.
Azokan, 30 postu izango dira guztira, «Idiazabal jatorriko 12 gaztaz gain, Euskal Herriko lau gaztandegitako gaztak ere izango dira, ahuntz eta behi esnearekin egindakoak», zehaztu du Iñaki Alberdi alkateak. Atzerriko gaztak probatzeko aukera ere izango da, European Cheese Route elkarteko zazpi gaztandegirenak. Izan ere, azoka hau 1998an egin zen lehenengoz, Euskal Herriko artzainek egindako gazta sustatzeko helburuarekin eta bide batez, gaztagintzaren atzean dagoen lana eta kultura babestuz eta balioan jarriz. Azken urteetan mugak gaindituz, nazioarteko gaztagileen topaleku ere bihurtu da Idiazabal.
Aurtengo berritasunak
Azokan ohikoa da European Cheese Route elkarteko gaztak edari batekin ezkontzeko jarduera, eta aurten lehen aldiz, gaztaren eta sakearen —Japoniako edari tradizionala— arteko maridajea egingo dute. Javier Sanchez Garcia European Cheese ellkarteko idazkari teknikoak gidatuko du saioa larunbat goizean. Beste berritasunen artean, Baztarrika gaztandegiak «ardi haragiz egindako hanburgesak» eramango ditu Idiazabalera, «larunbat iluntzean eta igande eguerdian egongo da hauek dastatzeko aukera», gaineratu du Alberdik.
«Familia guztiarentzako» azoka izango da. Mami eta gazta txapelketa herrikoiaz gain, gazta eta mami egite erakustaldiak izango dira. Aritz Gaboaren eskutik Artzaintzaren sekretuak jarduera, ume jolasak eta kale animazio ugari ere izango dira asteburu guztian zehar. Ohitura denez, artaldea ere pasatuko da herritik igandean, eta artile mozketa erakustaldiak ere izango dira, ondoren.
Omenaldia Elosiagari
Gazta Azokak urtero, artzaintzarekin eta gaztagintzarekin lotutako norbait omentzen du eta aurten, Azpeitiko Elosiaga gaztandegiak jasoko du aitortza, «familia proiektu bat eta belaunaldien arteko erreleboa ezinhobeto ordezkatzen duelako». Abel Segurolak eta Ana Azkuek ekin zioten lanbideari Elosiaga auzoko Urretatxiki baserrian. Segurola ekainean hil zen baina emazte Anak eta seme-alabek eman diote jarraipena gurasoen bizi proiektuari.
Askotariko ekintzak azokaren osagarri
Gazta Azokaren osagarri bestelako ekintzak ere antolatu dituzte asteburuari begira. Hala, bi bisita gidatu izango dira aukeran. Ostiralean, Xarma duen herria izenburupean Idiazabalgo lekurik esanguratsuenak ezagutzeko aukera egongo da; 17:15ean, Gaztaren interpretazio zentrotik abiatuta. Igandean, berriz, San Migel elizaren sekretuak ezagutzeko aukera izango da 11:15ean.
Gainera, gazta dastaketa interaktiboak izango dira larunbatean eta igandean, European Cheese Route elkartearen erakusmahaian, 15 minutuko txandetan. Larunbat goizean, ardi larruen ontze erakustaldia egingo du Eli Balerdik (Makabra) eta kale animazioaz herriko txistulariak, dantzariak eta trikitilariak arduratuko dira.















