Kirola, dokumentala eta askotariko ekintzak Zeraingo Kulturaldian
Segura-Zerain mendi lasterketak emango dio hasiera, igandean. Maiatza guztian zehar luzatuko dira ekintzak Kulturaldiaren baitan.
Ainitze Sala fitoterapeuta lazkaotarra, artxiboko argazkian. Hitza Azken urteetako ohiturari jarraituz, Kulturaldia egingo dute Zerainen maiatzean zehar; aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da. OA Kultur elkarteak antolatuta egitarau oparoa antolatu dute, kirola, sendabelarrei buruzko saioa, dokumental emanaldia eta bestelako ekintzak barne hartzen dituena. Egitasmoak Zeraingo eta Mutiloako udalen eta Euskaber eta Amporen laguntza du.
Igande honetan emango diote hasiera egitarauari Zerain eta Segura artean jokatuko den Sanson mendi lasterketarekin. 9:30ean emango diete hasiera lasterketei Segurako plazan eta ibilbideak Segura eta Zeraingo herriguneak eta mendiak zeharkatuko ditu goizean zehar.
Sendabelarretan sakontzen
Maiatzaren 6an izango da hurrengo hitzordua. Lazkaoko Ainitze Sala fitoterapeutak Sendabelarren hizkuntza: identifikaziotik ukendura izeneko saioa eskainiko die zeraindarrei, 17:30etik 20:30era, kultur etxean eta herriko belardietan zehar. Salak Onik proiektua du esku artean, Lazkaoko Beiztinberri baserrian kokatuta. «Bizitza proiektu» bat dela dio eta pertsonen ongizatea eta osasuna oinarri gisa hartuz, jendea naturara gerturatzea du helburu.
San Isidro eguna izango da hurrengo data nagusia, maiatzaren 15ean; jai giro kutsua izango duena. 17:00etan hasita, Hazietxeko kideen eskutik zirku saioa izango da Zeraingo pilotalekuan. Zirku saioa amaituta, Kulturaldian klasiko bat bihurtu zen tortilla patata lehiaketa jokatuko da. Parte hartu nahi duten herritarrek, maiatzaren 13ra arteko dute izena emateko epea irekita, Zeraingo udaletxean.
Maiatzaren 20an, Olaberriko Olargi memoria historikoko taldearen ekimenez ondutako Eraman zutela dokumentala eskainiko dute 19:00etan, kultur etxean. Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravo zuzendariek parte hartuko dute emanaldian, Olargiko hainbat kiderekin batera. 2025eko martxoan estreinatu zuten lana Olaberrian; Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda olaberritarren istorioa kontatzen da dokumentalean.
Aurtengo Kulturaldia borobiltzeko Balu artista ormaiztegiarraren bisita ere jasoko dute. Data aurrerago zehaztuko dute, baina maiatzeko azken astean izango dela aurreratu dute. Balurena da, hain zuzen, Haritzi-erdi aterpetxean dagoen eta Jon Maia protagonista duen hormairudia.












