Langileen aldeko politikak aldarrikatu ditu LABek Ordizian
"Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak" behar direla nabarmendu sindikatu abertzaleak. Langileen Eguneko manifestazioak eskualdeka deitu ditu aurten 'Langileok eragin!' lemapean.
LAB sindikatuak deitutako manifestazioa, gaur, Ordiziako Gudarien Etorbidean. Iñaki Gurrutxaga LAB sindikatuak deituta Maiatzaren Leheneko manifestazioa egin dute gaur Ordizian Langileok eragin! lemapean. Langileen Eguna izanik, mezu argi bat aldarrikatu dute Plaza Nagusian egin duten ekitaldian: “Langileen aldeko politikak behar ditugu. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak”.
Beasaingo Zanpaldunak joaldunak taldekoan aurrean zituztela zeharkatu du Ordizian Langileen Eguneko mobilizazioan. Hemen lan egin, hemen erabaki!, Lana banatu, ondasuna banatu!, Soldata duinak, pentsio duinak!, Gutxieneko soldata, 1.500! izan dira, besteak bestea, oihukatu dituzten leloak. Plaza Nagusian txalapartariek egin diete harrera, eta kantari baten txandaren ondoren, ekitaldi nagusia egin dute.
Kubak AEBengandik bizitzen ari den blokeoari, Sahararen autodeterminazio eskubideari eta Palestina bizitzen ari den genozidioari aipamena egin ondoren, LABek nabarmendu du “injerentzien aurrean, herrien burujabetza eta herritarren ongizatea defendatzen” jarraituko dutela. “Ez dugu langileok gerraren faktura ordainduko, ez dugu gerraren aitzakian enplegu-galerarik onartuko, ez lan baldintzak okertzea; ez bizitza garestitzea; ez zerbitzu publikoak ahultzea. Beste modu batean esanda: aberastasuna eta boterea gutxi batzuen eskuetan kontzentratzea, ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko!”.
Aldarrikapen nagusiak
“Hezkuntza, osasuna eta zaintza eskubidea bermatzeko zerbitzu publiko sendoak behar” dira, LABen ustez. “Zaintza eraldatzea eskatzeko greba feminista orokorrean parte hartze aktiboa izan genuen, helburu horretan Mugimendu Feministarekin, eskuz esku lanean jarraitzen dugu”.
“Euskararen kontrako oldarraldiak tamaina bereko erantzuna behar” duela ere adierazi du sindikatuak. “Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea dugulako, langile euskaltzale guzti-guztiok kalera aterako gara maiatzaren 9an. Eta gauza bera egingo dugu ekainaren 13an”.
Etxebizitzarekin egiten den espekulazioarekin ere bukatu beharra dagoela nabarmendu du. “Euskara bezala, etxebizitza eskubidea ere oso garesti jarri digute. Lehen aldiz maizterren greba antolatu dugu. Bizitza duinaren alde, aitzindariak gara berriro ere, eta harro gaude!”.
Enpleguaren defentsa ere “irmo” ari direla adierazi du sindikatuko eledunak. “Ezin ditugu hemen guztiak aipatu. Baina gaur begirada Aiaraldean dugu, eskualde osoa borrokan, a ze duintasuna. Jaso dezatela gure babesa eta txalo bero bat!”.
Greba orokorra eta pentsiodunen borroka
Gutxieneko soldata propioaren aldeko martxoaren 17an egindako Greba Orokorrari eta aspaldiko urteetan pentsionistak “borroka nekaezinari”ere aipamena egiten diote. “Soldatak eta pentsioak hobetzea ezinbestekoa da bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Langile guztiei bizitza duina ziurtatzeko aldarrikapenak dira. Guk ez dugu inor bazterrean utziko. Lanean ari gara arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi-arrakalak borrokatzeko, eta ez egin zalantzarik, berandu baino lehen lortuko dugu”.
LABen ustez grebaren eragina orain ari da loratzen.” Patronalaren borondatearen kontra baina negoziazio kolektiboan nabari da grebaren indarra. Urteetan blokeatua egon ondoren, 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatu eta beste hainbat hobekuntza jasotzen dituen hitzarmena lortu dugu Bizkaiko Grafikagintzan. Greba orokorrean gazteek izandako “inplikazioa” goratu dute.
Imanol Pradales lehendakariaren “egiteko modu berrietan jada inork gutxik sinesten” duela uste du LABek. Eusko Jaurlaritzak Confebaskekin egindako akordioak “izaera autoritario eta antidemokratikoan sakontzen” duela dio, eta hiru helburu nagusi dituela: “Confebask zuritzea, sindikalismo otzana hauspotzea eta klase-sindikalismo soberanista zigortzea”. Egoera orren aurrean ez direla “kikilduko” adierazi dute. ” Gure apustuan berresten gara. Sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antiarrazista garatzen jarraituko dugu”.
ARGAZKIAK ETA BIDEOA: Iñaki Gurrutxaga













