Urbano-Gonzalez ama-semeek irabazi dute Lazkaoko bakailao lehiaketa
Parte hartu duten hamahiru bikoteen artean onentzat izendatu dute epaileek. Hirugarren partaidetza zuten.
Fuensanta Urbano eta Israel Gonzalez, gaur eguerdian, bakailao lehiaketako txapelekin. Iñaki Gurrutxaga Fuensanta Urbano eta Israel Gonzalez ama-semeek irabazi dute gaur eguerdian Lazkaon jokatu den Bakailao lehiaketa. Hamahiru bikotek parte hartu dute aurten, eta epaileek ama-semeena izendatu dute plater onenentzat.
Hirugarren aldiz aurkeztu dira Urbano eta Gonzalez lehiaketara, eta lehen aldiz jantzi dute txapela. “Lehenengo urtean hirugarren sailkatu ginen, eta aurten irabazi egin dugu”, adierazi du Gonzalezek. Partaide guztiei astelehenean eman zieten bakailaoa, eta etxean gezatu ondoren, gaur plazan prestatu dute. “Tomate saltsa dena produktu naturalekin egin dugu. Poz handia hartu dugu, nire bizitzan irabazi dudan lehen txapela izan da”, nabarmendu du Urbanok.
Prestatutako bakailao guztia pintxotan banatu diete ondoren herritarrei.













