Herriko Gaztañaditxulo gaztandegiak eraman du gazta onenaren saria
Zeraingo J.Etxezarreta gaztandegia gelditu da bigarren, eta Idiazabalgo J.Aranburu gaztandegia hirugarren. Aurtengo omendua, berriz, Azpeitiko Elosiaga izan da.
Denboraldiko gazta berria dastatzeko aukera izan da asteburuan Idiazabalen, 28. Gazta Azokaren baitan. Azokaz gain, askotariko jarduerak antolatu dituzte: umeentzako herri kirol tailerra, gazta txapelketa herrikoia, gazta egite eta ketze erakustaldia, artaldearen desfilea, baita ile mozte erakustaldia ere.
Urtero bezala, ospakizun honetan artzaintzarekin eta gaztagintzarekin lotura estua duen norbait omentzen dute. Aurtengoan, Azpeitiko Elosiaga gaztandegia izan da aitortza jaso duena. Abel Segurolak eta Ana Azkuek ekin zioten lanbideari Elosiaga auzoko Urretatxiki baserrian. Segurola joan den ekainean zendu zen, baina haren emazte Anak eta seme-alabek jarraipena eman diote familiaren bizi proiektuari.
Bestalde, gazta txapelketa ere jokatu dute, eta hauek izan dira sarituak:
- Saria: Idiazabalgo Gaztañaditxulo gaztandegia
- Saria: Zeraingo J.Etxezarreta gaztandegia
- Saria: Idiazabalgo J.Aranburu gaztandegia
- Saria: Gabiriko Baztarrika gaztandegia
- Saria: Zeraingo Garoa gaztandegia
Azokari dagokionez, guztira 30 postu jarri dituzte: Idiazabal jatorriko 12 gazta gain, Euskal Herriko lau gaztandegitako gaztak, ahuntz eta behi esnearekin egindakoak. Gainera, azken urteetako ohiturari jarraituz, nazioarteko gaztak ere probatzeko aukera izan da, European Cheese Route elkarteko zazpi gaztandegirenak.













