Santikutz eguna ospatu dute Legazpin
Ezpata-dantza ekitaldia eta Olaria sariaren banaketa izan dira goizeko ekitaldi nagusiak. Aurten, Judo Legazpi taldeak jaso du garaikurra.
Santikutz eguna ospatzen ari dira gaur Legazpin, eta goizean goizetik giro ederra nagusitu da herriko kaleetan. Lehenik, Goiz Deia txistulari taldeak kalejira egin du, eta ondoren, Iruñeko Ezpelur dultzainero taldeak ere doinuez bete ditu kaleak.
Jarraian, urteroko ohiturari eutsiz, Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa egin dute eliza atarian, txistulariek eta ezpata-dantzariek lagunduta. Ondoren, Meza Nagusia ospatu da Jasokunde Amaren Eliza Nagusian, Santikutz abesbatzaren kantatuekin girotuta.
Ezpata-dantza eta Olaria saria
12:00etan izan da eguneko jarduera nagusiak: Olaria saridunen eta Udal Korporazioaren irteera egin dute Udaletxetik Euskal Herria plazaraino. Bertan, ospatu da Legazpiko Ezpata-dantza ekitaldia, Sustraiak Dantza Taldearen eskutik.
Aurten, Judo Legazpi klubak jaso du Olaria saria, Eric Galvez alkateak adierazi duenez “prestakuntza eta gizarte balioen sustapenean egin duen lana” aitortzeko asmoz. Klubaren izenean, Asier Berasategik eta Jose Manuel Paternainek jaso dute saria, eta eskerrak eman dizkiete herritarrei eta erakundeei jasotako babesarengatik.













