Giro bikaina sanmigeletako pilota jaialdian
Igande arratsaldean jokatu dira finalak Ezkioko frontoian.
San Migel jaietako pilota txapelketak baditu jada irabazleak. Atzo arratsaldean jokatu zituzten finalak Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako pilota eskoletako haur eta gazteek. San Migel jaiak maiatzaren 8tik 10era ospatuko dituzte Ezkion, eta txapelketa jaien barruan jokatu ohi izan zen arren, aurten, aste beteko aurrerapenarekin antolatu dute.
Pilota txapelketa aurrebenjamin, benjamin, kimu eta gazteen mailetan jokatu zuten. Gazteenak izan ziren pilota jaialdiari hasiera eman ziotenak. Legazpiko Barroso eta Anettek osatutako bikoteak lortu zuen txapela prebenjaminetan, Garcia eta Moreno herrikideei 18-8 irabazita. B finalean, Ezkioko Unax eta Oierrentzat izan zen garaipena, Zumarragako Peru eta Ekain bikoteari 18-3 irabazita.
Benjaminetan Egoi eta Enekok (Legazpi) irabazi zuten txapelketa, Urretxuko Pueyo, Axen eta Guinea hirukotearen aureka 18-14 irabazita. B finalean, Mirandak eta Sahastik (Legazpi) 18-10 irabazi zioten Markel eta Ekai herrikideei.
Kimuen mailan Madinak eta Anduezak (Urretxu) bururatu zuen txapela Pau eta Ibarreta herrikideen aurka 18-12 irabazita. B finalean, Joanes eta Maddi (Legazpi) izan ziren irabazle Gorjon eta Telleriari (Urretxu) 18-6 irabazita.
Amaitzeko, gazteen mailan, Gabilondok eta Mendizabalek (Ezkio) 18-16 irabazi zieten Ur eta Artetari (Urretxu). B finalean, Pablok eta Oier (Zumarraga) 18-13 gailendu zitzaizkien Manex eta Agerri (Zumarraga).
Ezkioko Pilota elkartea pozik dago jaialdiak eman duenarekin: “Ezkioko frontisa gogotsu astindu duten pilotariei esker; Legazpin, Urretxun, Zumarragan eta Ezkion pilotak etorkizuna baduela erakutsi zigun atzokoak bertaratu ginen guztioi”, esan du Joxe Mari Gabilondo Ezkioko pilota elkarteko kideak.
































