Goazen Ordiziaren irteera berezia Goierri Eskolara
Eguneroko dinamikatik irten eta esperientzia ezberdin bat partekatzeko helburuarekin egin zuten Goierri Eskolara txangoa iragan ostegunean.
Goazen Ordizia ekimeneko partaideek ohiko ibilbidea alde batera utzi eta irteera berezia egin zuten joan den ostegunean. Goierri Eskolara egin zuten txangoa, eguneroko dinamikatik irten eta esperientzia ezberdin bat partekatzeko asmoarekin. Horrez gain, herriko espazioak ezagutzea eta naturarekin harreman zuzena izatea ere izan zuen helburu.
Ekimenaren parte hartzea zabala izaten da, besteak beste, Oianguren, Jakintza eta Goierri ikastetxeetako ikasleek, Gurutze Gorriko zein Goiekiko zaintzako ikasleek. Lagunkiro zein Zuhaizti elkarteetako boluntarioek, Garaguneko erabiltzaileek, San Jose egoitzako zein eguneko zentroko pertsonek eta herritar boluntarioek laguntzen baitute. Bada, ostiraleko irteeran ere 54 lagunek parte hartu zuten zuzenean, baina ikasleak kontuan hartuta, denera 100 pertsona baino gehiago bildu ziren.
Ostegunero elkarrekin
Goazen Ordizia urtean zehar ostegunero aurrera eramaten den ekintza da, ariketa fisikoa egiteaz gain, elkarrekin denbora partekatzea eta harremanak sendotzeko helburua duena, giro atsegin eta inklusibo batean. Alazne Elorza Ordiziako Udaleko gizarte-hezitzaileak ekimenaren balioak azpimarratu zituen: “Halako ekimenek adineko pertsonen aktibazioa, sozializazioa eta bakardadearen prebentzioa sustatzen dute, eta aldi berean, belaunaldien arteko harremanak indartzeko aukera ematen dute”.
Ibilbideak hiru motatakoak izaten dira -luzea, ertaina eta motza-, parte-hartzaileen behar eta gaitasunetara egokituta.
Jorge Mancisidor Goierri Eskolako arduradunak ere ekimenaren helburu sozialari erreparatu zion, eta Goierri Eskolarentzat ekimenak duen balioa berretsi zuen: “Gu, hezkuntza zentro izateaz gain, harago joan nahi dugu: Goierri Eskolatik belaunaldi ezberdinen arteko zubi izan nahi dugu”.
Menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta ikasketak egiten ari diren Harri Martinez de Olcoz eta Romaissae Ftouth ikasleek ere ekimenaren balorazio positiboa egin dute: “Ohorea da guretzat ekimenean parte hartu ahal izatea. Adineko pertsonekin harremana oso aberasgarria da guretzat; haien bizipenak eta esperientziak ezagutzea oso baliotsua da gure ikaskuntzarako”.
Hala ere, herritarren parte-hartzea handitzea da Ordiziako Udalak horrelako ekimenekin duen erronka nagusietako bat, eta dei egin die interesa izan dezaketen orori ostegun goizetan plazara inguratzeko.













