Loinatz Udal Musika Eskolaren ate irekiak, egitarau kulturalarekin
'Musika Garaia' izeneko egitaraua antolatu du matrikulazio epearekin bat. Hilaren 17ra arte dago zabalik matrikulazioa.
Loinatz Musika Eskolako bandaren kontzertua Beasaingo jaietan, 2025ean.Lide Egizala Loinatz Udal Musika Eskolak matrikulazio epea ireki du, eta horren harira, ate irekiez gain egitarau kulturala osatu du eskaintza herritarrei zabaltzeko. Hurrengo ikasturterako matrikulazio epea maiatzaren 17ra arte egongo da irekita.
Matrikula eskaerak eskolaren beasaingomusikaeskola.eus webgunearen bidez egin behar dira. Eskaintza ezagutarazteko, bihar, maiatzak 5, ate irekien jardunaldia izango da Musika Eskolan bertan, 17:00etatik 19:30era. 19:00etan, Folk taldeak girotutako luntxa izango da Batzar Aretoan. Musika tresnak, irakasleak eta zentroaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izango dute gerturatzen direnek.
Musika Garaia izeneko egitaraua antolatu du matrikulazio epearekin bat, eta askotariko emanaldiak antolatu ditu maiatzean. Musika Eskolak adierazi duenez, haren helburua da “musika ikasteak dituen onurak gizarteratzea eta instrumentu bat jotzeko edo talde batean kantatzeko gogoa duten horiei bultzada ematea”. Zalantzak argitzeko, 943 02 81 05 telefonoa eta musikal@beasain.eus posta elektronikoa jarri ditu herritarren eskura.
Hauek dira Musika Garaia egitarau kulturaleko ekitaldiak:
- Maiatzak 7 (18:00): Musikoterapiari buruzko hitzaldia Marta Nietorekin, Batzar Aretoan.
- Maiatzak 8 (19:00): Musika Plazara kontzertua Gernika pasealekuko frontoian.
- Maiatzak 10 (19:00): Igartza Musika zikloaren barruan, Haizea Martiartu Quartet taldearen kontzertua Igartzako Jauregian.
- Maiatzak 14 (19:00): Musika Kalean emanaldia Bideluze plazan.
- Maiatzak 31 (18:00): Amaiera ekitaldi gisa, Feten Feten Sinfonikoa ikuskizuna Usurbe Antzokian. Sarrerak 6 euroan egongo dira leihatilan salgai.













