Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen eguna ospatu dute Zerainen
Ostegunean, Zeraingo herri eskolako haurrek ibilaldia egin zuten meatze gunera. Larunbatean publiko guztiarentzat zabalduta ibilaldi musikatua eta hamaiketakoa egin zituzten.
Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen eguna ospatu dute asteburuan Zeraingo Aizpea meatze gunean. Lehenengo, Zeraingo herri eskolako haurrak Aizpittara irteera egin zuten ostegunean Zeraingo turismo bulegoak antolatuta. Meategiko labeak eta galeriak bertatik bertara ikusteko aukera izan zutelarik. Hamaiketako batekin borobildu zuten goiza. Larunbatean, aldiz, publiko guztiari zabaldutako ekimena antolatu zuten, bisita gidatu musikatu eta hamaiketako batekin.
2009az geroztik da Zeraingo Aizpea meatze gunea Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen parte eta, Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen eguna ospatzen duten laugarren aldia izan da.
Burdinaren ibilbidea
Zeraingo Aizpea meatze gunea eta Gipuzkoako beste hainbat ondare elementurekin batera Andorra, Herrialde Katalanak eta Frantziako beste batzuk ere osatzen dute Pirinioetako Burdinaren Ibilbidea. Egun hau ospatzearen arrazoi nagusia tokian tokiko ondarea ezagutzera ematea da eta Zerainen kasuan, ibilbide horren parte ere badela ezagutzera ematea. Burdinaren Ibilbideak lurraldeak, museoak, meategiak, burdinolak eta paisaiak lotzen ditu, non burdina funtsezkoa izan den mendeetan zehar. Ospakizun hori dela eta, ibilbideko guneek ate irekiko jardunaldiak, bisita gidatuak, erakusketak eta jarduera bereziak antolatzen dituzte.



















