XII. Tomas Salazar Aizkorriko Birako izen-ematea ireki dute
Ekainaren 13an izango da, 52 kilometro eta 2.000 metroko desnibelarekin. VI. Gazteen Bira Aizkorrira Begira ere egingo da.
2024ko Aizkorriko Birako irudia.Aizkorri Mendizale Elkartea Aizkorri Mendizale Elkarteak, Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituaren barruan, XII. Tomas Salazar Aizkorriko Biran izena emateko epea ireki du. Bi urtez behin antolatzen dute; 2024an izan zen azkena. Ekainaren 13an izango da.
Bideluze plazatik irtengo dira, 06:00etan, eta 52 kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, 2.000 metroko desnibelarekin. Ibilbidean zazpi anoa postua izango dira: Etxegaraten, San Adrianen, Arbelarren, Ormakion, Zerainen, Urbizun eta azkena helmugan.
VI. Gazteen Bira Aizkorrira Begira ere egingo dute egun horretan –8 urtetik gorakoentzat da–. Azken horretako partaideak 08:00etan elkartuko dira Bideluzen, 17 kilometroko ibilbidea osatzeko. Anoa postuak Arimasagastin eta helmugan egongo dira.
Bi ekintzetarako izen-emateak zirkuitua.com webgunean egin daitezke. Aizkorriko Birarako, federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatu gabeek 15 euro. Gazteen birakoa, aldiz, doan da.













