Ataunen XVIII. Gazteburue antolatu du Torto Gazte Asanbladak
Ostegunetik larunbatera hainbat ekintza egingo dituzte.
Ataungo XVI. Gazteburuko bazkariko irudi bat. Torto Gazte Asanblada Gazteburue 18. aldiz egingo dute Ataunen ostegunetik larunbatera, maiatzaren 7tik 9ra bitartean. Hiru egunetarako egitarau zabala antolatu du Torto Gazte Asanbladak.
Zergatik antolatu asanbladan? hitzaldiarekin hasiko da aurtengo Gazteburue Oargin, bihar, 18:30ean. Ondoren, jolas ezberdinak egongo dira: ping-ponga, futbolina eta dardoak. Pintxopotea ere egingo dute 19:00etan.
Asier Lasak, Torto Gazte Asanbladako kideak dioenez, urtero ostegunean hasten dira gauza xumeak antolatuz: «Helburua jendea Oargira gerturatzea da».
Ostiralean, 18:00etan graffiti tailerra egongo da. Lasaren esanetan, aurreko urtean «arrakasta handia» izan zuen eta aurten ezin izan dute antolatu gabe utzi. Ondoren, 19:30ean, txarangarekin kalustratik frontoira joango dira. Ataungo areto futbol taldearen partida 21:15ean hasiko da, eta bertan txarangarekin egongo dira. Partidan zehar afaltzeko albondiga ogitartekoak salduko dituzte, eta barra ere jarriko dute. Partida amaitutakoan, txarangarekin berriz ere Oargira joango dira kontzertuen hasierarako. 23:00etan hasita, hiru talde izango dira: Hozkia, Berandu baino lehen eta DJ Naza.
Larunbata ekintza gehien dauden eguna da. Bazkaria izango dute 14:30ean. 40-50 lagun inguruko elkartuko direla dio Lasak. Bazkalostean tribiala egingo dute. 18:30ean Karropoteoa hasiko da. Oargi 21:00etan irekiko dute eta 22:00etan, kontzertuak izango dira. Bi taldek joko dute Sutargi erromeriak eta DJ Boletus Rumberusek.
Asanbladen garrantzia
Jai giroa jartzeaz gain, gazteak antolatzera «bultzatzea» ere helburua dutela egun horiek adierazi du Lasak. Gehitu duenez, azken hilabeteetan gazte batzuk «indarrez» sartu dira asanbladan: «Pozgarria da azken hilabeteetan hamar kide gehiago sartu izana».

2024ko Gazteburuko hitzaldi baten irudia.Torto Gazte Asanblada













