Jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko ostalarientzako prestakuntza saioa egin dute
Emagin elkarteko aditu baten gidaritzapean egin dute saioa udaletxeko batzar aretoan.
Ostalariak eta Emagineko gidaria prestakuntza saioan.Laida Goiburu Loinatz jaiak geroz eta gertuago daude. Jai giroan gertatzen diren indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei erantzuteko, ostalarientzako sentsibilizazioa eta prestakuntza saioa antolatu du Beasaingo Udalak Emagin elkartearekin batera. Gaur egin dute, udaletxeko batzar aretoan.
Udalak azaldu duenez, herriko ostalariei bidali zieten gutun bat saioaren berri emateko. Lau ostalari bertaratu dira gaurko saiora. Emagin elkarteko aditu batek gidatu du, eta jai giroan gertatu daitezkeen kasuak eman dizkie, horren gainean hausnartu eta gero modu egokian horiei aurre egiteko tresnak emateko.
Erasoak identifikatzeko erremintez gain, prebentziorako tresna praktikoak eskaini dizkie eta sexu eta genero askatasunaren aurkako egoerak pairatzen dituztenei arreta, laguntza eta deribazio egokia emateko bideak azaldu dizkie.
Udalaren iritziz, “ostalaritza jaietako eremu estrategikoa” da eta “tabernarien rola giltzarria” da jai giroan gertatzen diren egoerei behar bezala erantzuteko. “Hori dela eta, sentsibilizazioan eta formakuntzan sakontzeko konpromisoa hartu du, udalerriko espazio estrategikoetan arreta jarriz. Ekimen honen bidez, herriko eragile guztiak sentsibilizatu eta indarkeria matxistari aurre egiteko jardun bateratua bermatu nahi da”.
Parte hartu duten ostalariei haien establezimendua gune segurua eta berdinzalea dela adierazteko identifikagarri bat eman die udalak, establezimenduan ikusgai jar dezaten.













