Aitor Martinezen lanak salgai daude Mimaru lora dendan
Tornuan landutako egurrezko piezak egiten ditu Galizian bizi den legazpiarrak. Iaz Espainiako Artisautza Saria irabazi zuen.
Aitor Martinez, Legazpiko Mimaru lora dendako erakusleihoaren ondoan, atzean bere lanetako batzuk dituela. Aitor Martinez Lopez de Heredia artisau eta artista legazpiarrak herrira ekarri ditu bere lanak. Tornuan landutako egurrezko piezak egiten ditu Galizian, bizi den herrialdean, eta orain Legazpiko Mimaru lora dendan jarri ditu ikusgai eta salgai.
Martinez (Legazpi, 1969) Pontevedrako Tomiño herrian bizi da aspaldi, eta bertan duen tailerrean sormeneko torneatze lanak egiten ditu inguruan bildutako egur zatiekin. Munduak izenarekin bildu ditu horietako hainbat lan, bilduma horregatik estatuko artisautza saria eman zioten produktuaren atalean iazko abenduan.













