Palestinaren aldeko elkartasun azoka egingo du ostiralean Olamendi eskola publikoak
Egun hauetan egiten ari diren Elkartasun Astea ixteko izango da. Jaien aurretik, zientziari ere eskaini diote beste aste bat, laborategian eta laborategitik kanpo makina bat ekintza eginez.
Ikasturte hasieran Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten Olamendiko ikasleek, irakasleek eta familiek.Olamendi Zientziaren astea amaitu berritan, Elkarbizitza astean murgilduta dabil Olamendi ikastetxea, asteartean hasi eta ostiralera arte. Egun hauetan zehar, eskolak eta familiek ekintza berezi ugari izango dituzte, eta guztiari amaiera emateko, bihar ostirala, bi urtean behin egiten duten Azoka Solidarioa egingo dute, 17:00etatik 18:30era, herriko plazan, Palestinarako dirua bidaltzeko helburuarekin.
Azoka honetan Olamendiko familiek prestatutako gozoak izango dira salgai, eta horien artean Euskal Herritik kanpoko beste herrialde batzuetakoak ere izango dira. Erosleen artean sasoiko produktuez betetako saski bat zozkatuko dute. Ikastetxeak bertara gerturatzera gonbidatzen ditu legazpiar guztiak.
Lortutako dirua Palestinara bideratuko dute. Paz con Dignidad elkarteari emango diote, eta honek, Al Awda elkarteari bideratuko dio laguntza.
Ez da Olamendik Palestinaren aldeko jarrera agertzen duena. Ikasturte hasieran elkarretaratzen bat egin zuen herrialde horren alde, Gure Haurrak ere Badira ekimenak egindako deialdiari erantzunez.
Arropa bilketa
Biharko azokan, Palestinara bidaltzeko dirua lortzeaz gain, Auzoak Bizirik, Hotz Legazpi, Lekanazpi, Buskabaso eta Beti Gazte elkarteek herriko umeentzako arropa bilketa ere egingo dute, elkarlanean. Jasotako arropekin loteak egin, eta eskatzen dutenen artean banatuko dute. Aurrerago jakinaraziko dute eskaera egiteko modua. Arropa bilketa antolatu duten elkarteek jakinarazi dute aurrerantzean ere egingo dituztela gehiago.
Bestalde, Buskabaso auzo elkarteak ludoteka bat sortu du San Ignazioko lokalean, eta bertan herritarrek emandako jostailuak eta liburuak jasotzen ari dira. Jarduera eta ekintza batzuk ere antolatzen hasiak dira.
Integrazioaren alde
Azokaren zein Buskabasoren ekintzen helburuetako bat integrazioa da. Elkarte honetako presidentea den Haritz Artzelusen hitzetan, «gure lan ildoetako bat integrazioa da, eta dakigunez, gure auzoetan behar asko dago, gero eta gehiago, ez da kanpora joan beharrik».
Arlo horretan lan egiten duten elkarte gehiago badaude Legazpin, baina bakoitzak bere kabuz antolatzen ditu ekintzak. Artzelusek denek elkarrekin ekintza bat egitea proposatu zuen. Hala, «Olamendirekin ekintza asko egitea pentsatu dugunez, haien Azokarekin bat egin eta bertan arropa bilketa egitea aukera ona zen, orain armairu aldaketa garaia delako».
Olamendi eskola publikoko zuzendari Maddi Tolosak gustura hartu zuen proposamena. «Horrelako egitasmoek Legazpi borondate handiko herria dela erakusten digute, eta elkarlanean aritzeak gauza polit asko dakarrela. Gu oso pozik eta oso harro gaude. Espero eta badakigu azokak harrera ona izango duela herrian», adierazi du.
Zientziaren astea
Elkartasun azoka Olamendik ospatu berri duen Zientziaren Astearen ondoren dator. Santikutz jaien aurreko egunak, zientziari eskainitakoak izan ziren Lehen Hezkuntzako ziklo guztietan, eta ikasleek hainbat jarduerez gozatzeko aukera izan zuten.
Eskolako laborategian burutu ziren jarduera horietako gehienak, ikasturte osoan zehar bezala, «modu aktiboan eta parte hartzailean», irakasle arduradunak azaldu duenez. «Astero egiten ditugu jarduerak eta esperimentuak laborategian, oso praktikoak eta aktiboak dira, eta beti bultzatzen dugu ikasleen partaidetza».
Zientziaren Astekoak bereziagoak izan dira, baina laborategitik kanpo ere egin dituzte ekintzak. Gurutze Gorriko anbulantzia baten bisita izan zen horietako bat. Ikasleek anbulantzia barrutik ezagutzeko aukera izan zuten.
Urtero egiten du Olamendik Zientziaren Astea, «ikusarazi nahi dugulako zientziak duen garrantzia, eta etorkizunean izango duena. Lanbide asko zientziaren ingurukoak izango dira»













